Lehorrari lotutako marinela
Eguneton bisitari berezia pasa da HITZAk betetzen duen eremutik; Mutrikutik Zenarruzarantz zihoan promesa bati jarraituz bederatzi urte oinez daramatzan erromesa
Hiru t´erdiak jotzeko ez zen asko falta motxila bizkarrean zuen gizonezkoa Mutrikuko Loretxu tabernan sartu zenean. Olatzeko bideaz galdetu zuen. Motxilak eta zintzilik zeraman maskorrak erromesa zela agerian uzten zuen, eta eguraldia ikusita herrian gelditzeko gomendatu zioten tabernakoek. Ez zekiten pertsona berezia ezagutu berri zutenik.
Erromesari nondik zetorren galdetzean hasi ziren harritzen zerbitzariak. «Jerusalendik», erantzuna baitzien. Jose Antonio Garcia, Pellegrino izenez ezagunagoa, zuten aurrean; hondoratze baten ondorioz, itsasoa lehorragatik aldatu eta bederatzi urte oinez daramatzan erromesa.
Eta hala zela erakusteko motxilan zeraman karpetatxoa atera eta mundu guztiko egunkari zatiak erakutsi zizkien, bere abenturaren berri ematen zuten zatiak.
Mundu guztian zehar
Karmengo amari egindako promesa dela-eta, leku sakratuak bisitatuz egiten du bidea Garciak. Baina ez ditu bakarrik gune kristauak bisitatu, budistetan eta musulmanetan ere izan da. «Juan Pablo II.a ezagutzeko aukera eduki nuen Erroman. Zortzi minutu egon nintzen berarekin, eta inork ez bezala, motxila eta guzti sartu ahal izan nuenVaticanoko geletara», kontatzen du begiak malkoz betetzen zaizkion bitartean. «Indian Dalai Lamarekin ere egon nintzen», gaineratu zuen.
Apaizak eta monarkia
Leku santuetara joaten den arren, eta aita santuarekin elkartu izanak emozionatu egiten duen arren, Garciak ez dauka apaizekin esperientzia onik.
Bederatzi urte pasa dira, aurreztutako 36.000 euro hartu eta abentura hasi zuenetik. Orain ia diru gabe dabil,eta han eta hemen jasotako laguntzarekin egiten du aurrera. Apaizekin, ordea, ez du laguntza handirik aurkitu, ez behintzat, estatu esapiniarrekoekin. Eta inguruotan ere gauza bera: apaizek, laguntzarik ez. «Ez pentsa, ordea, erregea hobeto portatu zenik», dio. «Harekin batzeko aukera izan nuen, komunikabideak hurbildu ziren, baina gau hartan ere Antoniok kalean lo egin behar izan zuen».
Garciarentzat bideko onena jendea da. «Mutrikuko lagun batek dioen bezala, bideak lotu egiten zaitu, baina bertan topatzen duzun jendearengatik».
Finisterrera bidean
Santiago eta Finisterre. Hori du helmuga. Baina hara heltzeko Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarretik pasatuko da.
Ia mundu guztian zehar ibilita , ezer ez zaio pasatu. Irunen, ordea, txamarra eta bastoia lapurtu zizkioten. Istorioa entzunda, herritar batek txaketa berria oparitu zion. Afaldu ere lagunartean egin zuen. Eta Burumendikoei esker berotan lo egin ahal izan zuen. «Ez ahaztu gurekin, e?», esan zioten inguruan tokatu zitzaizkionak. «Ez naiz ahaztuko, eta nire bihotzean ezezik, bideko egiak ezagutzera emateko idazten ari naizen liburuan ere han izango zarete. Utrella!».