Txerri janean, herria batuta
Amoroton San matin Eguneko ospakizuna egin dute; txerriki pintxoak banatu dituzte, eta ondoren, bazkaria.
Zapatuan agerikoa zen San Martin Eguna ospatzen ari zirela. Plaza hutsa zegoen, baina eliza atzean erretzen ari ziren txerrikiak herri guztian zabaltzen zuen arrastoa nabaria zen.
Aurreko egunetan egindako lanaz gozatzeko momentua izan zen zapatua. 125 kiloko Pantxo txerritik hainbat lagun asetzeko beste janari lortu zuten: urdaia, saiheskia, tajadak, odolosteak… Eliza atzeko paretaran kontra plantxa zuten jarria eta haizeari aurre egiteko, kartoiekin inguratu zuten sukalde inprobisatua. Paretean zintzilik eskaintzen zen guztia zuten; harategiko erakuslehioan bezalaxe, zegoena aurrez aurre ikus zitekeen.
Sukaldean herritar taldea listo zegoen hurbiltzen ziren guztien gose-egarriak asetzeko. «Egun hauek elkartu, kontuak esan eta ondo pasatzeko dira. Horrelakoetan behar egiteak ez digu batere axola, sortzen den giroak ez baitauka preziorik», zioen sukaldari artean zebilen Angel Bermeosolo Zintzok.
Meza ondokoak
Meza bukatu ondoren, poliki-poliki herritarrak San Martin Eguneko ospakizunera batzen hasi ziren. Eliza atzera hurbilduta, herrikideek prestatutakoa dastatzeko aukera izan zuten.
Eta hala egin behar gainera. Izan ere, kamiseta berdea soinean zeraman lan taldeak ez zuen inor bazterrean uzten. Heldu hala, zer nahi zuten galdetu, eta zerbitzatu ere egiten zieten. Zer nahi hura plantxa gainean jarri eta momentuan prestatua jatea zen zehazki eskaintzen zutena. Odolostea, berriz, goraino betetako lapiko batetik hartu besterik ez zuten egin behar. Adineko jendeari tratu berezia ere eskaini zioten: behar zuenari aulkia jarri, janaria plateretan jarri eta eurenganaino eraman… Jende artean, Markina-Xemeingo Gaimaz enpresako buru Jose Maria Gandiaga zegoen. «Amorotarra da bera, eta laguntza handia ematen digu», zioten antolatzaileek.
Herritarren arteko giroa ezinhobea zen; tarteka, «odolostea sekulakoa dago», «oso ona saiheskia», bezalakoak entzuten ziren. Bazkarira artekoak horretantxe igaro zituzten. Bazkaritan,ere menu finkoa. «Guztiak bete eta oraindik ere soberan geldituko da. Txerri batek askorako ematen du gero!».