Lea-Motrollo Elkarteak ia 100 pelotari ditu bere zerrendetan
Aurten gehitutako pelotariekin 79tik 96 jokalarira pasa da Lea Ibarra Motrollo Elkartea; Amoroton gehitu da jende gehien.
«Euskal Herrian pilotari gehien dituzten elkarteen artean sartu gara». Horrenbestez egin dio aipamen Lea-Motrolloko kirol zuzendariak elkartearen baitan izandako gorakadari. Aurten bigarren denboraldia dute, eta 76 pelotaritik, 96ra pasa dira.
Gorakada handiena Amoroton izan du elkarteak: 7 pelotari edukitzetik, 30 edukitzera pasa baitira: 17 neskek eman dute izena palaz jokatzeko eta zazpi mutilek eskuz aritzeko. «Iaz astean entrenamendu bat Amorotn bertan egitea erabaki genuen. Entrenamendu haren harira jendea hurbiltzen joan da, eta hor dago emaitza».
Amorotoko jokalariez gain, Munitibarren be hiru jokalari gehitu zaizkie, Markina-Xemeingo eskolatik bost etorri dira eta Aulestin ere lau pelotari barri dituzte. «Hiru baja ere izan ditugu, bat Amoroton eta beste biak Munitibarren. Baina etorri direnen kopurua ikusita oso pozik gaude. Izan be, gazteei kirola egiteko aukera emanez, herri txikiei bizitasuna ematea da gure asmoa. Eta bide onean goazela dirudi».
Eskola sustraitzen
Bigarren denboraldirako pelotari kopuruan izandako gorakadak, eskola «sustraitzen» hasita dagoela ikusiarazi die arduradunei.
Zenbakietara jota, gaur egun, Amorotoko 30 pelotariez gain, Munitibarren 28, Gizaburuagan 7, Mendexan 3 eta Aulestin 20 dituzte. «Aulestin neska talde barri bat palaz hasteko aukerak be ikusten ditugu».
Elkarteko kide gehienak txapelketetan parte hartzen duten arren, kirol zuzendariak argi laga nahi izan du elkartearen helburua kirola egiteko aukera ematea dela. «Bakarrik kirola egin gura zuten pelotariak be baditugu. Entrenatzea gogoa dutenek be badute lekua gurean».