Askatasunez etorkizunera doan herria
Berriatua Ondarroatik desanexionatu zenetik 27 urte pasa dira; ez da ospakizun berezirik egongo, baina egun seinalatua izango da betirako.
Egun berezia izan zen 1983ko azaroaren 25a berriatuarrentzat. 27 urte pasa dira Berriatuak herri izaera berreskuratu zuenetik. Oroitzapenek hor jarraitzen dute, baina garai hartako kontuek ezdute inolako zauririk utzi. Gaur egun etorkizunera begira eta etorkizuna lantzen dagoen herri bat gehiago da.
Joseba arregi ‘altxu’ (Berriatua, 1934)
«Ez dut bizitza osoan egun pozgarriagorik ezagutu»
Ondarruri lotuta bederatzi urte egin genituen. Sentimendu gogorra izan zen, derrigortu egin gintuzten eta. Hemen sentimendu handia zegoen berrituarra izatearena; izan ere, halaxe ginen. Eta horren aldeko lana egin zuen lan-taldean aritu nintzen ni. Herriak bere nortasuna behar du; gazteek norabidea zuzendu behar dute, baina zuzentzeko herriak existitu beharra dauka. Horrek ez du esan gura ondarrutarrak berrituarren kontra eta alderantziz egon behar garenik. Polemika amaitu zen, eta oso ondo konpontzen gara. Ikusi besterik ez da egin behar herrian zenbat ondarrutar ditugun. Baina lehen ere biak herri ziren, eta gerora be hala behar zuen. Garai hartan Bilboko gobernadoreak agintzen zuen. Gure eskaeragaz joan eta esan genion erreferenduma egin eta bi bozka kenduta beste guztiek baiezkoa ziotela. Madrildik esana ziguten gobernadoreak nahi izanez gero, Berriatua herri izan zitekeela, eta hori ere agertu genion. Hark zera erantzun: «Ez al dakizu behin ezkonduz gero, berriro soltero ezin daitekeela izan?». Eta nik gaineratu: «Nik besteko sakontasunarekin ez zenuen erlijioa ikasi. Beti entzun dut ezkontza baliozkoa izateko biek ados egon behar dutela. Batek ezetz badio, ez du balio». Orduan abokatuarengana joan eta baiezkoa eman zigun. Prozesu luzea eta gogorra izan zen desanexioarena, baina nik ez dut bizitzan egun handiagorik eta pozgarriagorik ezagutu herria askatu genuenekoa baino. Gernikako juntetxera joan ginen gaurko egunez. Sekulako jaia izan zen. Argazkiak-eta badira, baina nik nahiago dut ez begiratu. Han dagoen jende asko ez dago jadanik, eta sentimendu nahasiak sortzen zaizkit, poza eta tristura batera. Baina merezi izan zuen
Mari Karmen Gorostola (1950, Berriatua)
«Etorkizunean herri txikiaren izaera gordetzea nahiko nuke»
Anexioa ezagutu egin nuen, baina ez nuen barrutik bizi izan. Lana kanpoan, umeak etxean… denborarik ez. Baina desanexioko egunean juntetxean izan nintzen. Gernikan lan egiten nuenez, atera eta bertaratu egin nintzen. Emozio handiko uneak izan ziren. Desanexioaren ondorengo urteetan alkate izatea egokitu zitzaidan, zortzi zinegotzigaz batera. Denok genuen beharrerako gogo handia eta ilusioa. Desanexioko gestorak zenbait gauza eginak zituen, baina herri moduan asko zegoen oraindik egiteke. Urte gogorrak izan ziren, baina Aldunditik gure premiak ikusten zituzten eta laguntza handia jaso genuen. Geldika-geldika Berriatua egiten hasi ginen. Orain normaltzat ematen diren gauzak orduan ez ziren. Mankomunitatea ere orduntxe jarri genuen martxan, eta Ondarroagaz harreman ona eduki izan dugu, beti. Ez da inoiz arazorik izan, baina Berriatua herri bat da, bere nortasunagaz. Oraindik badira gauzak egiteko, eta horretan ari gara. Etorkizunean zerbitzuak dituen herria izatea gurako nuke. Izan ere, gauzak egitera beste herri batera bazoaz, herria bizirik gabe gelditzen da. Hori bai, herri txikiaren izaera gordetzea gurako nuke.
Imanol Mugartegi (1970, Berriatua)
«Egun berezia izango da beti, baina aurrera begira bizi gara»
Desanexio egunean 13 urte neuzkan. Orduko oroitzapen baten bat badaukat, baina gauza handirik ez. Gerora jaso dut orduko informazioa. Orduan ez dakit nola funtzionatuko zuten, baina argi dago ez dela gauza bera herriko ikuspegiarekin gobernatzea edota beste baten auzo izatea. Goitik etorritako kontu bat izan zen anexioarena, herritarrek ez zuten zerikusirik izan, eta haien artean ez zen arazorik egon. Gaur egun ondarrutarrekin edota markinarrekin harreman bera daukagu: bi herriren artekoa. Hurbiltasunak harremana sortzen du. Beharrezkoa den bakoitzean, elkarrekin aritzen gara, eta dauzkagun azpiegiturak partekatzen ditugu. Desanexio eguna 25. urteurrenera arte ospatu izan dugu; orain ez dugu ezer berezirik egiten. Egun seinalatua izango da beti, baina aurrera begira bizi gara. 2007tik alkatea naiz, eta herriko alkate bezala herriarentzako lanean nagoela sentitzen dut, beste herrietan izango den bezalaxe. Desanexioaren inguruko kontuek ez dute alkate postua berezi egiten. Kandidatura independentea izateak, onerako zein txarrerako, gaineko inor ez edukitzea suposatzen du, eta horrek egiten du egitekotan berezi. Herria da gure kezka, eta haren hoberako lan egiten saiatzen gara. Aurrera begira, herria hazten joatea gurako nuke, baina era progresibo batean. Hazi, baina hazteko behar dituen zerbitzuak eta azpiegiturak eskuratuz.
Ainara Santamaria (1988,Berriatua)
«Balioak, tradizioak eta izatea gordetzea gurako nuke»
Nik ez nituen desanexio urteak ezagutu, baina ulergaitza egiten zait erabaki baten ondorioz herri bati bere izatea kentzea eta beste batekin elkartzera behartzea. Egoera horrek eragozpen piloa dakartza berarekin; sozialak, administratiboak zein ekonomikoak. Desanexioaren alde lan egin zutenei eskerrak ematea besterik ez zait bururatzen. Egindako lanaren ondorioz, berriatuarra naizela esan dezaket. Egun batetik bestera herri bat auzo bihurtzea istorio arraroa iruditzen zait. Ondarroa eta Berriatua ez dira beltza eta zuria, baina bai izate propioak dituzten herriak eta, horrenbestez, hala garatzeko eskubidea daukate. Aurrera begira, herri dinamikoa, bizia, anitza, alaia… gurako nuke. Gazteek badaukagu horretan zer esana eta zer egina. Aurrera doan herria, baina balioak, tradizioa eta izatea gordetzen dituena izatea gurako nuke.