Metec-Motric guraize fabrika itxiko dute
Orain jabea den aholkularitzak ez du irtenbide argirik aurkitu eta lege konkurtsalaren epeak agortzen doaz Oraindik ez zaie iritsi langileei idatzizko jakinarazpena, baina baieztatu dute jada: Metec-Motric Mutrikuko guraize fabrika itxi egingo dute. 50 langilek osatzen dute lan taldea; ia guztiak dira mutrikuarrak. Euretako askok urte luzeak eman dute guraize lantegian. Bi Enplegu Erregulazio Espediente (ERE) aldi igaro ditu guraize lantegiak azken aldian; sei hilabetekoa lehena, eta ondoren haren luzapena, langileek eskatua. Lantegia lege administraritzaren pean dago, eta Lege Konkurtsalak ezartzen dituen epeak agortzen ari dira. Zubizarreta aholkularitzaren saiakera, irtenbiderik gabe Zubizarreta aholkularitza enpresak eskuratu zuen oraintsu Metec-Motric euro 1eko salneurri sinbolikoan. «Langileen aldetik bazegoen nahia merkatuaren azterketa egiteko, eta gure lan esparruan, material kirurjikoaren fabrikazioan, ia tarterik ba ote zegoen ikusteko», esan du LAB sindikatuko ordezkari Joxean Agirregomezkortak. Baina, antza denez, harrez gero atzerrian egindako prospekzioek ez dute erantzun baikorrik eman. «Zubizarretakoek egin duten azken proposamena izan da langileok uko egitea gure kalte ordainei eta langabezia sariei eta zain geratzea, zer edo zer sor zitekeela-eta. Baina hori ez zaigu iruditu onargarria inolako bermerik gabe», azaldu du langile batzordeko ordezkariak. Horrenbestez, Fogasaren bidez, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko indemnizazioa eta bakoitzari dagokion langabezia saria jasoko dute. «EREari dagokion 180 [...]
Orain jabea den aholkularitzak ez du irtenbide argirik aurkitu eta lege konkurtsalaren epeak agortzen doaz
Oraindik ez zaie iritsi langileei idatzizko jakinarazpena, baina baieztatu dute jada: Metec-Motric Mutrikuko guraize fabrika itxi egingo dute. 50 langilek osatzen dute lan taldea; ia guztiak dira mutrikuarrak. Euretako askok urte luzeak eman dute guraize lantegian.
Bi Enplegu Erregulazio Espediente (ERE) aldi igaro ditu guraize lantegiak azken aldian; sei hilabetekoa lehena, eta ondoren haren luzapena, langileek eskatua. Lantegia lege administraritzaren pean dago, eta Lege Konkurtsalak ezartzen dituen epeak agortzen ari dira.
Zubizarreta aholkularitzaren saiakera, irtenbiderik gabe
Zubizarreta aholkularitza enpresak eskuratu zuen oraintsu Metec-Motric euro 1eko salneurri sinbolikoan. «Langileen aldetik bazegoen nahia merkatuaren azterketa egiteko, eta gure lan esparruan, material kirurjikoaren fabrikazioan, ia tarterik ba ote zegoen ikusteko», esan du LAB sindikatuko ordezkari Joxean Agirregomezkortak. Baina, antza denez, harrez gero atzerrian egindako prospekzioek ez dute erantzun baikorrik eman. «Zubizarretakoek egin duten azken proposamena izan da langileok uko egitea gure kalte ordainei eta langabezia sariei eta zain geratzea, zer edo zer sor zitekeela-eta. Baina hori ez zaigu iruditu onargarria inolako bermerik gabe», azaldu du langile batzordeko ordezkariak.
Horrenbestez, Fogasaren bidez, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko indemnizazioa eta bakoitzari dagokion langabezia saria jasoko dute. «EREari dagokion 180 eguneko langabezia saria egoten da, baina hori batzuek agortu dugu jada, eta langabeziako geure dirutik jaten gaude, baina benetan langabezia egoeran egon gabe, ikastaroetan-eta izena emateko aukerarik gabe… Horrela ezin genuen jarraitu», esan du, etsita, langileen ordezkariak.
Mutrikutik, Txekia eta Txinara
Metec-Motric guraize lantegia Espainiako estatuan bakarra izan da kirurgiarako materiala egiten. Espezializazio maila handiko lana egiten izan du. Alemaniako Metec multinazionalaren jabegokoa izan da lantegia, 2005ean Sculap enpresari erosi ondoren.
2009ko apirilaren 23an guraize fabrikako enpresaburu Volkner Dortzkirchnerrek Udalarekin hitzarmen publikoa sinatu zuen lantegia herrian geratuko zela aginduz. Enpresak kokapen berria derrigorrezkoa zuela azaldu zuen orduan, baina leku aldatze hori herrian bertan egingo zuela.
Ordurako, ordea, Metec-ek lantegi berriak Txinan eta Txekian irekitzeko bidea hasita zeukan, Mutrikuko langileek gerora jakin dutenez. Milioi eta erdi euroko zorra zeukan pilatuta Metec-ek.
Hilabeteak kobratu gabe
2009ko abuztuan sartu zen lantegia EREan lehenengoz. Erregulazio espedienteak ia lan talde osoari eragin zion, lanaldia erdira murriztuta. 2009ko abenduan, hala ere, bat ere ez kobratzen hasi ziren.
Aurtengo apirilean, lau hilabete kobratu gabe eman ondoren, mobilizazioei ekin zien Metec-Motric fabrikako lan taldeak. «Lan Saileko ordezkariekin eta Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin ere batu ginen; erakunde publikoen esku hartzea eskatu genuen. Hitz onak jaso genituen, baina beste ezer ere ez», gogoratu du Joxean Agirregomezkortak.
«Guztiz engainatuta» sentitzen dira langileak. «Orain dela urte batzuk leku aldatze premiaren kontuarekin hasi zirenean itxi izan balute, alemanek kriston dirutza eman behar izango zuten, baina horren ordez bertan behera lagatzen joan dira Mutrikuko fabrika, eta langileen eskubideak murriztuz ere joan dira. Produkzioa kanpora eraman dute, beraiek desagertu egin dira eta eskuak garbitu, eta horren kontra egingo duen legerik ez dago, antza denez», salatu du.
Lurrak, enkantera
Langileekikoak eta hartzekodunei zor zaizkienak ordaintzeko, Lege Konkurtsalaren azken epera iritsita, Metec-Motriceko lurrak eta makinaria enkantera joango dira. «Lur sailak, Mutrikuko herriaren esku» geratu beharko lirateke langile askoren ustez.