Herri izatea desiratzetik gorpuztera
Gaur da Ziortza-Bolibarrek desanexioa lortu zueneko seigarren urteurrena.
Sei urte pasa dira Ziortza-Bolibarrek herri izatea berreskuratu zuenetik. Elkarturik egin zuten bidea eta elkarturik lortu herri baten desioa gorpuztea. Gaur dute egun handia.
1969an, Markina-Xemeingo auzo bihurtu zuen erabaki politiko batek. Garai horretan askori gertatu zitzaien gauza bera, baina baziren lehengora bueltatzea lortu zutenak; Berriatua, esaterako. 1986an, Ziortza-Bolibarrek ere bide bera hartzea erabaki zuen: herri izan nahi zuten ostera ere.
Diputaziogaz tira birak
Bidea luzea eta gogorra egin behar izan zuten, eta Diputazioa izan zen gainditu beharreko langarik handiena.
Eskatutako tramiteak, azterketak, erreferendum-ak… denak egin zituzten. Zenbait kasutan gauza bera bi aldiz egitera behartuak izan ziren. Autonomi maila ezberdinetako figurak ere eskaini zizkieten, baina ziortza-Bolibartarrek argi zuten zein zen euren guraria eta lortu arte ez zuten etsi. Euren aldarrikapena lau haizetara zabaldu zuten: burua eta bihotza herri izatea berreskuratzera zuzenduak zituzten. 2004ko azaroan desanexioa lortu zuten.
Ilegalizazioaren eragina
Herri Batasunaren ilegalizazioak herritarren arteko harremanetan eragin sakona eta mingarria izan zuen. Ordura arte elkarregaz egindako bidean, gainditzea ezinezko bihurtu zitzaien oztopoa topatu zuten.
Ilegalizazioa tarteko, junta probisionala zein ondorengoa, EAJko ordezkariekin osatu zuten. «HBkoen presentziaren beharra adierazi dugu beti Aldundian, baina han bide hori itxi egin dute beti». Egoera gainditzeko, batetik zein bestetik, proposamenak egon ziren, baina ezin izan zuten akordio batetara heldu. «Azkenera arte elkarregaz egon eta azken momentuan kanpoan laga gintuzten legearen aitzakia medio. Orduan baztertu gintuzten, eta orain hala jarraitzen dugu», azaldu dute ezker abertzaleko kideek.
Herria osatuz
Desanexioari esker, Ziortza-Bolibartarrek euren beharrak definitu eta defendatzeko eskubidea dute, beste edozein herri bezala.
Herri izatera bueltatu diren sei urteetan azpiegitura mailan hobetzea lortu dute. Kultura eta hezkuntza, ostera, oraindik garatzeke daude bi alor dira. Liburutegia, eskola, kulturgunea…Markina-Xemeinen topatu beharreko zerbitzuak dira; egunerokotasuneko beharrak ere han asetzen dituzte (bankuko kontuak, erosketak…). Baina herri bizia gura dutela diote denek eta horretarako pausuak ematen ari dira egunero.