Abendurock abiatu da
Mutrikuko Rock Kolektiboak seigarrenez antolatu du, herriko tabernari eta gazte asanbladaren laguntzaz.Abenduak hotza eta iluna dakar. Baina Mutrikura, azken sei urteetan rocka ere badakar. Abendurock 2010 prest dauka Mutrikuko Rock Kolektiboak (MRK), ...
Mutrikuko Rock Kolektiboak seigarrenez antolatu du, herriko tabernari eta gazte asanbladaren laguntzaz.Abenduak hotza eta iluna dakar. Baina Mutrikura, azken sei urteetan rocka ere badakar. Abendurock 2010 prest dauka Mutrikuko Rock Kolektiboak (MRK), eta zapatuan hasiko da martxan. Zarauzko Mantisa taldea izan da lehen akordeak atera dituena. Kemen Lertxundi ondarrutarrak ere jo du.
MRK-k herriko hainbat eragileren laguntza eduki du aurten ere rock egitaraua abenduko asteburu guztietan eskaintzeko Mutrikuko tabernetan. Gazte Asanblada eta herriko tabernarien elkartea izan dira laguntzaileak.
Aurten diru laguntza gabe
«Aurten arazo ugari izan ditugu ekimen hau aurrera botatzeko», esan dute antolatzaileek, «garrantzitsuena, geneukan diru laguntza publiko txikia ere kendu egin digutela».
Horrela, bada, tabernek, Gaztetxeak eta inprimategiak emandako laguntasuna eskertzearekin batera, MRK-ko kideek azaldu dute aurten kontzertuetan 2 euroko sarrera kobratuko dutela, gastuei aurre egin ahal izateko.
Abendurock-i buruzko informazio guztia Mutrikuko Rock Kolektiboaren facebook orrian dago
Egitaraua
- Abenduak 11, zapatua. Munlet taldea, iazko Bilbo Hiria pop-rock lehiaketaren irabazlea, 19:30ean, Zubiaran tabernan.
- Abenduak 18, zapatua. Potemkin talde oñatiarra, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 25, zapatua. Norte Apache taldea, 19:30ean, Goitxibera tabernan. Bilboko taldeak rap eta hip-hop musika egiten du euskaraz, eta lehen zuzeneko diskoa atera berri dute.