Gabonetako umeen parkeaz gozatzeko aukera jarriko dute Ispasterren
Ispasterren umeentzako gabon parkea ipiniko dute azaraoren 4an eta 5ean, 11:30etik 16:00etara. Adin guztietako umeentzako entretenigarriak jarriko dituzte aukeran.
Adin guztietako umeek gehien gustatzen zaiena egiteko aukera edukiko dute asteburuan Ispasterren: Gabonetako haur parkean olgetan ibili ahal izango dira.
Adin guztietako haurrekin pentsatuta antolatu du haur parkea herriko jai batzordeak: txikienentzako ludoteka egongo da eta zaharxeagoak direnek puzgarri erraldoiak, tobogana eta ohe elastikoak izango dituzte. «Urte asko dira Gabonetako haur parkea antolatzen hasi zenetik, eta gaur egun ere mantendu egiten dugu. Herrikoak ez ezik, inguruko herrietakoak ere etortzen dira, eta umeek oso ondo pasatzen dute», azaldu dute antolatzaileek.
Bi eguneko entretenimendua
Gabonetako haur parkea zapatuan, zein domekan,ia egun osoan egongo da zabalik: 11:30etan irekiko ditu ateak eta 16:00ak arte egongo da martxan.
Jai batzordeak umeei herrian ondo pasatzeko aukera luzatu nahi izaten die haur parkeagaz. Ekimena aurrera eroateko udalaren laguntza izaten du jai batzordeak.