Lekue eta Bailo nagusi desanexioko txapelketan
Asteburuan jokatu dira kadete, gazte eta nagusi mailan desanexio txapelketako finalak Berriatuan; partida guztiak gogorrak bezain ikusgarriak izan dira.
Desanexio txapelketa amaierara heldu da asteburuan. Kadete, gazte eta nagusi mailako finalak jokatu eta hiru partidetan ezaugarri bera ikusi da: gogortasuna.
Elite mailan, Lekue eta Bailo eta Aimar eta Ubille zeuden aurrez aurre eta lau jokalariak dotore aritu ziren. Bi bikoteek nahi zuten garaipena, eta halaxe erakutsi zuten partidan zehar. Atzelariak afizionatu mailakoak ziren; aurrelariak, berriz, profesionalak.
Atzelariak oso seguru aritu ziren. Aurrean, berriz, biak ondo aritu arren, Lekuek nabarmentzea lortu zuen. Bi paretak ondo erabiltzen asmatu eta Aimarri bere jokoa egitea galerazi zion.
Lekue eta Bailo aurretik ibili ziren partida osoan; hala ere, Aimar eta Ubillek, ahalegin handia eginda, 25-24 hurbiltzea lortu zuten. Baina Aimarrek egindako bi hutsi esker, ostera be beste bikoteak aurrera egin eta ez zioten utzi garaipenari ihes egiten (30-25).