Akerbeltz gaztetxeak bigarren urteurrena ospatuko du etzi
Ginkana, bazkaria, kantaldia, poteoa eta Esteibar egongo dira Akerbeltz gaztetxearen urteurren jaian
Akerbeltz gaztetxeak bi urte beteko dituela-eta urteurreneko jai handia prestatu dute gazteek. Parte-hartzeko deia luzatu diote “mundu guztiari”.
Euskal Herrian Euskarazek antolatuta eta Gazte Asanbladak lagunduta, euskararen aldeko ginkanagaz hasiko da 11:00etan urteurren jaia. Halan, taldeetan banatuta hainbat proba egin beharko dituzte partaideek. Eguerdian, ostera, bazkaria egongo da frontoipean, baina, bertara joateko tikeak erosi behar dira aldez aurretik Erlatx, Sakris edo Gaztetxean. Bihar izango da azken eguna.
Janire eta Ane-ren kantaldiak girotuko du bazkalostea eta iluntzean animatutako poteoa egongo da. Gauean berriz, Esteibarrek joko du gaztetxean. «Esteibarrena izan zen gaztetxeko lehenengo kontzertua, inauguratu genuenetik urtero jo du eta argi geneukan aurten be ezin zela falta», azaldu dute gazteek.
Esteibarren ostean, karaokea egongo da animatzen diren guztientzat.