Ekaitzak eragindako kalteak konpontzeko laguntza lortu du Berriatuak
Berriatuako Udalak diru laguntza eskuratuko du otsaileko ziklogenesiak eragindako kalteak konpondu ahal izateko. Berriatuarekin batera, Bizkaiko beste zortzi herrik eta Arabako bederatzik ere jasoko dituzte laguntzak herrizaingo Sailetik.
Otsaileko ziklogenesia dela eta, herrian egondako kalteak ordaintzea. Hori da Herrizaingo sailak Berriatuko Udalari emongo dion diru laguntzaren helburua, eta hala jakinarazi dute.
Berriaturi emongo dioten laguntza 2.394,80 eurokoa izango da, zehazki. Baina, guztira, 228.544 euro banatuko dituzte hemezortzi udalerriren artean, haizeak egindako kalteak konpontzeko. Izan be, Berriatugaz batera, Bizkaiko beste zortzi eta Arabako bederatzi herrietara be zuzenduko dute dirua. «Prestatu den diru kopurua bat dator Arabako eta Bizkaiko aldundiek aurreikusitako finantza eta programekin», esan dute. «Udalerri bakoitzak, fakturen edo agirien bidez, izan duen gastua frogatu beharko du; ordura arte ez du aipatutako diru laguntza jasoko». Gipuzkoako udalerrietatik eskaerarik jaso ez izana aitatu dute.
Herrizaingo sailaren arabera, orokorrean, kalteak ondasun eta ekipamendu publikoetan jasan dituzte: besteak beste, kiroldegietako teilatuek, argiztatze-sistemek, errepideetako azpiegiturek, hiri-altzariek eta Udalaren egoitzek. Laguntzen banaketa egitea eta zelan egin, azaroren 30ean egindako Gobernu Kontseiluan erabaki zuten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritza izango da haren kudeaketaz arduratuko dena. «Ez daukagu oraindik jakinarazpenik, baina datorrena pozik jasoko dugu», aitatu du Imanol Mugartegi alkateak.