Ondarru Igeri Taldea, txikitatik ur handitan
Talde txikia izan arren, teknikoki maila oso ona dauka Ondarru Igeri Taldeak adin tarte guztietan, eta honez gero 20 urteko historia ere bai; «oso pozik hartuko genituzke igerilari gehiago ere», diote, «dena ez da futbola» Goizeko 07:15. Oraindino gaua da, eta txingor zaparrada kanpoan. Igerilekuko berotasunean, baina, orain dela ordu eta laurden hasi dira dzangadaka igerilari gazteak. Nagiari mutzadaka egiten diote ihes. Gustuko bidean aldaparik ez, esaerak dioen moduan. 12-15 urte bitartekoek goizeko 6etan ekiten diote entrenaldiari astean hiru bider; beste hiru entrenaldi beste ordutegi batzuetan egiten dituzte. 8-11 urte artekoek hartzen diete txanda, 07:15ean. Aurten, guztira, 24 gaztetxo dabiltza 1995-2002 urteen artean jaiotakoen mailetan igerian. Beste hemeretzi, txikiagoak, arratsaldetako igeri eskolan dabiltza. «Ez dira asko, guk gustura hartuko genituzke gehiago ere; dena ez da futbola-eta», dio Ondarruko Igeri Taldeko batzordekide eta guraso den Joseba Urkirik. Seigarren urtez, Joan Busque mutrikuar-katalana daukate entrenatzaile. Ordutegiaren gorabeherak Guraso asko hain goiz entrenatu beharragaz beldurtu daitezkeela eta, Urkirik bere esperientzia ipini du adibide legez: «Begira, lehen neu nintzen umeek hain goiz entrenatzearen kontrakorik handiena. Baina alabei hauxe da gustatzen zaiena, igeri egitea. Eta, egia esan, afaltzeko eta lotara joateko orduak moldatzea besterik ez da. Goizago erretiratzen dira biharamunean entrenaldia badaukate, eta kitto. Gustura [...]
Talde txikia izan arren, teknikoki maila oso ona dauka Ondarru Igeri Taldeak adin tarte guztietan, eta honez gero 20 urteko historia ere bai; «oso pozik hartuko genituzke igerilari gehiago ere», diote, «dena ez da futbola»
Goizeko 07:15. Oraindino gaua da, eta txingor zaparrada kanpoan. Igerilekuko berotasunean, baina, orain dela ordu eta laurden hasi dira dzangadaka igerilari gazteak. Nagiari mutzadaka egiten diote ihes. Gustuko bidean aldaparik ez, esaerak dioen moduan.
12-15 urte bitartekoek goizeko 6etan ekiten diote entrenaldiari astean hiru bider; beste hiru entrenaldi beste ordutegi batzuetan egiten dituzte. 8-11 urte artekoek hartzen diete txanda, 07:15ean. Aurten, guztira, 24 gaztetxo dabiltza 1995-2002 urteen artean jaiotakoen mailetan igerian. Beste hemeretzi, txikiagoak, arratsaldetako igeri eskolan dabiltza. «Ez dira asko, guk gustura hartuko genituzke gehiago ere; dena ez da futbola-eta», dio Ondarruko Igeri Taldeko batzordekide eta guraso den Joseba Urkirik.
Seigarren urtez, Joan Busque mutrikuar-katalana daukate entrenatzaile.
Ordutegiaren gorabeherak
Guraso asko hain goiz entrenatu beharragaz beldurtu daitezkeela eta, Urkirik bere esperientzia ipini du adibide legez: «Begira, lehen neu nintzen umeek hain goiz entrenatzearen kontrakorik handiena. Baina alabei hauxe da gustatzen zaiena, igeri egitea. Eta, egia esan, afaltzeko eta lotara joateko orduak moldatzea besterik ez da. Goizago erretiratzen dira biharamunean entrenaldia badaukate, eta kitto. Gustura dabiltza, eta ikasketetan ere ondo».
Konpromisoa eta «zentratuta egotea» eskatzen duen kirola da, Joan Busquek nabarmendu duenez. «Saiatzen gara erakargarri egiten, uretako lana eta lehorrekoa tartekatuz».
Emaitza oso onak
Kirol minoritarioa «baina historikoa» da igeriketa Ondarroan. Eta harrobia sendo dator: EAEko iazko txapelketetan bost urrezko domina (horietako lau igerilari batek), zilarrezko bat eta brontzezko bi ekarri zituzten Ondarru Igeri Taldekoek.