‘Kalaputxi’, 100 hegaldi eta gehiagorako prest
100. zenbakira ailegatu da ‘Kalaputxi’, Mutrikuko herri aldizkaria, eta azalean argi laga dute jarraitzeko daukaten asmo sendoa; Hitzaren lankide den komunikabideak mutrikuarren estimua lortu du urteotan Zerotik hasi eta 100era ailegatu da Kalaputxi. Hilero-hilero astindu ditu hegoak Mutrikuko herri aldizkariak azken bederatzi urteetan. Azaroko zenbakia borobila denez, orain arte egindako aldizkari guztien azalak ikusiko ditu irakurleak bertan jasota. Eta, ohiko elkarrizketa, gutun, argazki zahar eta ajendez gain, inkesta ere egin dute oraingoan. Kalaputxi mutrikuarrei zer iruditzen zaien galdetu, eta ez zaie zalantzarako tarterik geratu: estimu handian daukate herritarrek euskarazko herri aldizkaria. Horra, beste ehun hegaldi eta gehiago ere egiteko behar den erregaia: herritarren erantzun ona. «Gustuko dituzten atalez galdetu diegu irakurleei inkestan, eta, denek aipatzen duten bat argazki zaharrena da, adibidez», dio inkestaren egile Joakin Larrañagak. «Iradokizunak ere egin dizkigute, aurrera begirako». Euskaraz, etxeraino Mutrikuarrei euskaraz herriko berriak helerazteko jaio zen Kalaputxi, Karenka euskara elkartearen ekimenez. «Hasieratik eduki genuen argi etxeraino eraman behar geniela aldizkaria, eskueran jarri». Eta horrela egiten dute: 2.200 aleko tirada dauka hilero. Horien artean 80 bat postaz bidaltzen dituzte, herritik kanpo bizi diren mutrikuarrentzat. «Hasieran bost-edo ziren modu horretako harpidedunak, hori ere hazten joan da, eta seinale ona da», diote. Euskararen hedapenari eta herritarren artean herriko [...]
100. zenbakira ailegatu da ‘Kalaputxi’, Mutrikuko herri aldizkaria, eta azalean argi laga dute jarraitzeko daukaten asmo sendoa; Hitzaren lankide den komunikabideak mutrikuarren estimua lortu du urteotan
Zerotik hasi eta 100era ailegatu da Kalaputxi. Hilero-hilero astindu ditu hegoak Mutrikuko herri aldizkariak azken bederatzi urteetan. Azaroko zenbakia borobila denez, orain arte egindako aldizkari guztien azalak ikusiko ditu irakurleak bertan jasota. Eta, ohiko elkarrizketa, gutun, argazki zahar eta ajendez gain, inkesta ere egin dute oraingoan. Kalaputxi mutrikuarrei zer iruditzen zaien galdetu, eta ez zaie zalantzarako tarterik geratu: estimu handian daukate herritarrek euskarazko herri aldizkaria. Horra, beste ehun hegaldi eta gehiago ere egiteko behar den erregaia: herritarren erantzun ona.
«Gustuko dituzten atalez galdetu diegu irakurleei inkestan, eta, denek aipatzen duten bat argazki zaharrena da, adibidez», dio inkestaren egile Joakin Larrañagak. «Iradokizunak ere egin dizkigute, aurrera begirako».
Euskaraz, etxeraino
Mutrikuarrei euskaraz herriko berriak helerazteko jaio zen Kalaputxi, Karenka euskara elkartearen ekimenez. «Hasieratik eduki genuen argi etxeraino eraman behar geniela aldizkaria, eskueran jarri». Eta horrela egiten dute: 2.200 aleko tirada dauka hilero. Horien artean 80 bat postaz bidaltzen dituzte, herritik kanpo bizi diren mutrikuarrentzat. «Hasieran bost-edo ziren modu horretako harpidedunak, hori ere hazten joan da, eta seinale ona da», diote.
Euskararen hedapenari eta herritarren artean herriko berri emateari eman zioten lehentasuna Kalaputxi abian ipintzerakoan. «Ez genuen helburu periodistikoa lehenetsi; izan ere, kazetariak ez gara». Adineko jendea, sekula ere euskaraz irakurri eta alfabetatu gabea ere euskaraz irakurtzen jartzea lortu du Kalaputxik Mutrikun, hasieratik. Hori izan daiteke Pulitzer saririk onena, akaso.
Hobetzeko gaien artean, «herriko talde batzuek oraindik ere ez dutela jotzen aldizkarira euren berriak ematera», aipatu dute. «Denbora ere behar dugu, zertan eta zelan hobetu hausnartzeko, baina hurrengo zenbakia prestatzen hasten gara, eta harrapatuta geratzen gara», diote.
Lan boluntarioa
Kalaputxiko lan taldeak doan egiten du hileroko lana. «Bestela balitz, nahi ere ez!», dio batek, barre artean. Hori ere ez da marka makala garai hauetan.
Erakunde publikoen diru laguntza gutxitu egin zaie aurten, baina Kalaputxik aurrera jarraitu nahi du. Horregatik, diru baliabide berrien bila ere badabiltza; tartean 2011ko egutegia jarri dute salgai. «4 euro baino ez!».