Indarkeria sexistari buruz gazteek duten pertzepzioa jaso dute diagnostikoan
Ondarroako eta Markina-Xemeingo gazteen indarkeria sexistari buruz dituzten iritziak batu dituzte
Bistako indarkeria sexista, indarkeria fisikoa, kritikatu egiten dute gazteek, baina indarkeria psikologikoa, hau da, ageriko adierazpen fisikorik ez duena, sarritan justifikatu egiten dute. Gazteek indarkeria sexistaren gainean duten pertzepzioaren eta iritzien diagnostikoa egin dute Ondarroan eta Markina-Xemeinen.
Orain dela urtebete hasi zen ikerketa horretan 15 eta 18 urte bitarteko 438 gaztek parte hartu dute, 214 neskak eta 224 mutilek. Euretatik 301ek galdeketa bateri erantzun diote eta beste 117k eztabaida taldeetan parte hartu dute.
Mutilek zein neskek indarkeria sexistaren zein harremanen inguruan duten pertzepzioan desberdintasunak aurkitu dituzte. Esate baterako, neskek gehien sumatzen dituzten jokabide motak mespretxua eta derrigortzea (burla, umiliazioa, harremanaren edo lagunen arauen inposizioa, mehatxuak, presio sexuala), harremanen kontrola eta bestea bereganatzea (zeloak, zelan jantzi behar duen esatea, zer egiten duen edo zeinekin dagoen zaintzea, deien kontrola) eta abusu emozionala (indarkeria pasiboa, indiferentzia, manipulazio emozionala, ardura eza) dira. Gainera, jokabideak indarrezkoak diren ala ez esateko neskek sarritasunaren irizpidea erabiltzen dute. «Behin inposatzen badizu, ez da indarkeria», esan dute askok. Bai eta be jokabidea «normaltzat» jo dezakete arrazoiak egon daitezkeela justifikatzeko.
Bestalde, zeloak onak direla uste dute eta abusu emozionaleko jokabideei garrantzia kentzen diete zergatia azaltzeko argudio barik. Harreman sexualetako ardura be eurena dela uste dute. «Azken finean, nesken pertzepzio maila altua da, baina taldeetan nesken argudioak ahulak dira eta mutilen jokaerak justifikatu eta eurenak kritikatu egiten dituzte», azaldu du proiektuaren koordinatzaile Norma Vazquezek.
Mutileri dagokienez, gehien somatzen dituzten jokabide motak ageriko indarkeria, mespretxua eta manipulazioa, harremanen kontrola eta bestea bereganatzea, eta jazarpena eta deskalifikazioa dira. Itxura denez, badakite indarkeria zer den eta izena jartzen diote. Baina, mutilen diskurtsoan sarritan agertzen da txarto dagoela presionatzea eta inposatzea eta, ostera, proposatzea eta saiatzea zilegi direla. Gainera, nesken jokabideak epaitu egiten dituzte, baina euren jokabideekin toleranteak dira. «Neskak, jokabidea kontrolatzeko, inposatzeko edo indarkeriazkoa den ala ez epaitu baino lehen mutilak baloratu eta ulertzen saiatzen dira; mutilek, ostera baloratu aurretik epaitu egiten dute», esan du Vazquezek.
Nesken eta mutilen arteko pertzepzio desberdinez gainera, kulturen arteko eta herrien arteko desberdintasunak be detektatu dituzte. Gazteen gehiengoa kontuan izateko senegaldar mutilen talde bat antolatu zuten. «Gehiengoan berdin jokatzen dute, baina harremana formaltzen denean eurentzat neskek ezin dute gura dutena egin», zehaztu du Vazquezek. Herriei dagokienez, bestalde, Ondarroako gazteak Markina-Xemeingoak baino sentsibilizatuago daudela ikusi dute.