Urregarai eskolako umeen antzerkiak beteko du bihar iluntzea
Antzerkia egingo dute Urregarai Herri Eskolako umeek herritarrentzat bihar iluntzean. Gabonetako jaialdian eskolako ume denek parte hartuko dute; adinaren araberako antzezlanak aurkeztuko dituzte
Urregarai Herri Eskolako ume denak antzerkiaren inguruan bilduko dira, bihar, 19:00etan. Urtero legez, Gabonetako emanaldia eskainiko dute udaletxeko aretoan.
Eskola orduetatik kanpo egiten duten emanaldi bakarra da Gabonetakoa. «Umeek ilusio handia jartzen dute emanaldian, eta urduritasunik be ez da falta izaten, bereziki, txikienengan».
Izan be, aktore gazteenek 2-3 urte izaten dituzte. «Hauek dantza-koreografia motako Kukurruku lana aurkeztuko dute».
4-5 urtekoek, ostera, Mari Domingin izeneko antzezlana prestatu dute, eta 6-7 urtekoek Ipuineko herriko erregea. 8-9 urtekoak gaztelerazko ipuin baten oinarritutako obragaz datoz: Mamu iletsua. «Eurek itzuli dute guztia, eta moldaketak be euren esku egon dira». Azkenik, 10-11 urtekoek eurek sortutako lana erakutsiko dute: Lapurrak etxean eta gurasoak dantzan.
Emanaldia amaitu ostean, udaletxeko arkupeetan batu eta taloa eta txorizoa jateko aukera egongo da herritar guztientzat, Urzabal Guraso Elkarteari esker.