Kolorez jantzi dute ‘Garaian’ aldizkaria
Garaian aldizkariaren zenbaki eraberritua kaleratu du garaian Kultur Elkarteak
Guztiz itxuraldatuta kaleratu du Garaian Kultur Elkarteak Garaian aldizkariaren 46. zenbakia. Orain dela urte bete hartu zuen taldeak sortzaileek pasatutako testigua eta eureri eskerrak emonez hasi zuten joan den zapatuan egindako aurkezpen ekitaldia.
22 urtez beharrean jardun ostean, 45. zenbakian, garaian aldizkariko sortzaileek agur esan zioten aldizkariaren ardurari. Ziklo bat zarratzen zela pentsatu eta gelditzea erabaki zuten. Batzuek agur esaten zuten bitartean, beste batzuk kolpe zioten aldizkaria aurrera eroateko asmoari. Halan, Garaian Kultur Elkartea sortu zen, hamabi laguneko lantaldea. “Gure helburua, aurreko ildotik jarraituz, aldizkari bat ateratzea da”, azaldu zuen elkarteko kide Patxi Juaristik. Bide horretan argitaratu berri dute 46. zenbakia.
Kolorea izan da aldizkariaren berritasun nabarmenena, baina, horretaz gainera, logotipoa eta diseinua be berritu dituzte. Beste batzuren artean, Jose Molinerori egindako elkarrizketa, Juan Ibarzabal Buztarriren gaineko artikulua, Markina-Xemeingo historiaren gaineko hiru bat artikulu eta Jesus Arriola Ezkurregaz, Dolo Barinagarrementeriagaz eta Amparo Kareagaz egindako solasaldia aurkitu daitezke aldizkariaren orrialdeetan.
Bestalde, aldizkariko muina den eskolen gaiaren inguruan Pupitrez pupitre izeneko erakusketa be antolatu du Garaian Kultur Elkarteak. Bertan, aintzinako denboretatik gaur egunera arteko hainbat argazki ikusi daitezke. Hantxe aurkituko dute hainbat markinarrek euren eskola garaiko irudia.