Lapatxoko gaztelekua, denon arduraz, aurrera
Mutrikuko gaztelekua egun batzuetan itxita egon da abenduan; modu horretan, bertako hezitzaileek ikusarazi nahi izan diete gaztetxoei guztien artean zaindu beharreko txokoa dela; orain bideratu dute egoera Elkarlanean eta arduratsu aurrera jotzeko pres...
Mutrikuko gaztelekua egun batzuetan itxita egon da abenduan; modu horretan, bertako hezitzaileek ikusarazi nahi izan diete gaztetxoei
guztien artean zaindu beharreko txokoa dela; orain bideratu dute egoera
Elkarlanean eta arduratsu aurrera jotzeko prest, berriro ere irekita ditu bere ateak Lapatxoko gaztelekuak. «Materialarekin eta garbitasunarekin arazoak izan ditugu gazteekin, eta abenduaren hasieran jada edalontziak gainez egin zigun, eta erabaki serioa hartu genuen Udalarekin harremanetan jarri ondoren. Itxi egin genuen, gazteak kontura zitezen Lapatxoko ez balego horren falta somatuko luketeela», esan dute hezitzaileek. Horrela izan zen; biharamunean bertan zeuden gazteak deika, eta egoera bideratu nahian.
«Bilera egin ondoren, egoera bideratu dugu elkarlanean. Horrela izatea espero dugu aurrerantzean ere», esan dute. Lapatxoko gaztelekua 12-16 urte bitarteko 50-60 bat gaztek erabiltzen dute asteburuetan, eta aste barruan hogei bat ibiltzen dira bertan. Astelehenetan izan ezik beste egun guztietan egoten da zabalik 16:30etik 20:30era.
Orain, Lapatxolinpiadak prestatzen dihardute, datorren asteko lau egunetan jokatzeko. Hilaren 28an, gainera, gaztelekuaren laugarren urteurrena izango da, eta gonbidapena luzatu diete lehengo hezitzaile eta erabiltzaileei ere jaira joan daitezen: montxorra egongo da, eta Nahixan-ek joko du, era akustikoan.