Bide Onera zine aretoa, abantean, sistema digitalagaz
Bide Onera zine aretoa barriro be abantean dago. Aurrerantzean zine areto digitala izango da, eta hiru dimentsiotako filmak be emongo dituzte bertan. Aurreko asteburuan hasi dira martxan, Los Viajes de Gulliver eskainita, eta arduradunak «oso pozik» daude, ikusleek emondako erantzunagaz. Soinu sistema barria Bide Onera zinearen eraikinean ez dute obrarik egin, baina bai instalazio elektriko eta elektronikoetan: «Eraikinaren beraren egitura oso ona da; orain egin duguna da aurpegi garbiketa, eta proiekzio sistema barria ipini. Aurrerantzean sistema digitala izango da, eta soinu sistema be barriztu egin dugu. Soinu kalitate oso ona lortu da», azaldu du Jose Antonio Arantzamendik. Orain erretiroa hartuta dagoen arren, berak eroan du Bide Onera zine aretoaren ardura joan den 45 urtean. Orain erreleboa Iker Lakak hartuko du. Aretoa, lehengo moduan, Ortiz kontserba lantegiaren jabeena da; aita zenak eraiki zuen, eta orain bere ondorengoena da jabetza. Filmak estreinatu ahala ekarri ahal izango dituzte orain, beraz, Ondarroara. «Lehengo sistemagaz igoal bi hilabete beranduago ailegatzen ziren hona pelikulak, eta ordurako jendeak Internetetik jaitsita edo bertsio piratan erosita zeuzkan; orain egin barriak diren filmak eskaini ahal izango ditugu», azaldu dute Lakak eta Arantzamendik. Gainera, zine aretoaren sarreran krispetak eta freskagarriak erosi ahal izango dira. «Oraingo ume eta gazteek ohitura handia daukate [...]
Bide Onera zine aretoa barriro be abantean dago. Aurrerantzean zine areto digitala izango da, eta hiru dimentsiotako filmak be emongo dituzte bertan. Aurreko asteburuan hasi dira martxan, Los Viajes de Gulliver eskainita, eta arduradunak «oso pozik» daude, ikusleek emondako erantzunagaz.
Soinu sistema barria
Bide Onera zinearen eraikinean ez dute obrarik egin, baina bai instalazio elektriko eta elektronikoetan: «Eraikinaren beraren egitura oso ona da; orain egin duguna da aurpegi garbiketa, eta proiekzio sistema barria ipini. Aurrerantzean sistema digitala izango da, eta soinu sistema be barriztu egin dugu. Soinu kalitate oso ona lortu da», azaldu du Jose Antonio Arantzamendik.
Orain erretiroa hartuta dagoen arren, berak eroan du Bide Onera zine aretoaren ardura joan den 45 urtean. Orain erreleboa Iker Lakak hartuko du. Aretoa, lehengo moduan, Ortiz kontserba lantegiaren jabeena da; aita zenak eraiki zuen, eta orain bere ondorengoena da jabetza.
Filmak estreinatu ahala ekarri ahal izango dituzte orain, beraz, Ondarroara. «Lehengo sistemagaz igoal bi hilabete beranduago ailegatzen ziren hona pelikulak, eta ordurako jendeak Internetetik jaitsita edo bertsio piratan erosita zeuzkan; orain egin barriak diren filmak eskaini ahal izango ditugu», azaldu dute Lakak eta Arantzamendik.
Gainera, zine aretoaren sarreran krispetak eta freskagarriak erosi ahal izango dira. «Oraingo ume eta gazteek ohitura handia daukate krispetekin zinera joateko».
Astero-astero eskainiko dituzte pelikulak Bide Oneran. «Oraingoz, barikutik astelehenera. Gero, saiatu nahi dugu martitzenetarako zine ziklo bereziak-eta antolatzen, baina hori aurreragorako proiektua da» azaldu dute.
Aste hau berezia denez, tartean Hiru Erregeen jai eguna egonik, etzi bertan hasiko dira proiekzioekin. Errege Egunean bi pelikula eskainiko dituzte. Batetik, hiru dimentsiotan emongo dute Las aventuras de Sammy, umeentzako, 16:30ean. Iluntzean eta gauean, barriz, 19:00etan eta 22:00etan, 3 metros sobre el cielo eskainiko dute.
Barikutik astelehenera The Tourist estreinaldia eskainiko dute; egun guztietan 19:00etan eta 22:00etan. Las aventuras de Sammy, barriz, zapatuan eta domekan be botako dute, 16:30ean.
390 eserleku
Bide Onera orain dela 50 urte eraiki zuen Ortiz familiak. Baina aurretik be hor zine aretoa zegoen. «Lehengo aretoak, oraingo zinearen sarrerak hartzen duen lekua hartzen zuen», dio Arantzamendik. Bide Onera areto handi-handia da: «986 eserleku zeuzkan, bi solairutan banatuta». Arantzamendik ondo gogoan dauzka aretoan egunero pelikula aldatzen zuten sasoia; «eta egunero betetzen zen, orduan ez zegoen telebistarik eta». Orain, beheko solairua erabiltzen da soilik, 390 eserlekugaz.