Zazpi milioi euroko aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak
2011ko aurrekontua onartu du Udalak
Gastu sozialari eutsi eta aurrekontu murriztuagaz ahalik eta proiektu gehien aurrera eroateko asmoa dauka Lekeitioko Udalak. Asmo hori burutu ahal izateko, ohiko gastua murriztu eta joan den urtean aurrera eroandako zenbait zerbitzuren gastua egokitu du. Horrela, 7,2 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak. Aurrekontuak EAJ alderdiaren botoekin atara dira aurrera. EAk kontrako botoa emon du.
Krisialdia dela eta, diru bilketaren beherakada arintzeko, ohiko gastua murriztu eta zerbitzuak egokitzea erabaki zuen Udalak joan den urtean, eta aurten be zerbitzu horiek mantenduko ditu. Gastu soziala mantentzeko ahalegin berezia egin dute, eta hedapen eta sustapen gastu guztiak desagertarazi dituzte.
Bestalde, Madrileko Gobernuak erabakitako soldata murrizketak ezarri diren arren, langileen soldatak aurrekontu osoaren %28a direla azaldu dute.
Aurtengo aurrekontuaren inbertsio kopuru handiena Santa Katalinako ibilbidea egitera bideratuko dute, baina kopuru hori ez dago aurrekontu horren barruan sartuta. «Gure talde politikoaren babesa jaso dugu, Madrilen proiektua aurrera eroateko behar den 1,4 milioi euroko diru laguntza ziurtatu digutelako», azaldu dute EAJkoek.
Bidea egiteko 1,4 milioi euro beharko dituztela aurreikusten du Udalak. Diru partida hori Estatuko Aurrekontu Orokorren Proiektuari taldeak egindako emendakinen barruan dago.
Aurreproiektua eginda dago, baina azken proiektua egiteko dago oraindik. Hala eta be, San Juan Talako eta Santa Katalina Itsasargiaren bitartean dagoen ibilbidea lotu nahi ditu Udalak, itsasoaren alboan joango litzatekeen espaloi baten bidez. Jarduera horregaz, herriko ibilbide sarea handitu nahi dute, eta herrian zabaldu barri duten eta bisita daitekeen itsasargirainoko gunea herriagaz lotu nahi dute.
Gaur egun, ez dago espaloirik alde horretan, eta itsasargira doan pasealekuaren zati batzuetan, gainera, espaloia bidearen alde bietan falta da.
Santa Katalinako proiektuagaz gainera, beste obra txiki batzuk be aurreikusi dituzte. 100.000 euro erabiliko ditu Udalak autokarabana gunean azpiegiturak jarri eta urbanizazioa egiteko. Horretaz gainera, udaletxeko teilatua konpontzeko 60.000 euroko aurrekontua izango du.
Bestalde, Arropaingo saihesbidean eta Eskolapean panel informatiboak ipiniko dituzte eta Kioskoaren teilatua konponduko dute. Azken obra horretara 40.000 euro bideratuko ditu Udalak.
Merkatuaren konponketa, kale konponketak, zirkulazioko seinaleak eta obra txikiak izango dira aurtengo beste inbertsioko gastu batzuk. Bai eta eskolako konponketak be. Eskolako Hobekuntzetan 22.000 euro erabiliko ditu.
Halantxerik, danetara, inbertsioen atalean 6.578.378 euroko aurrekontua onartu dute.
EAJ eta EA alderdiak ez dira ados ipini aurrekontuen gainean. Udalak egindako aurrekontuen proposamenari ezetza emon dio EA alderdiak. Jakitera emon dutenez, aurrekontuen gainean ekarpenak egiten ditu urtero alderdiak, «baina Udalean nagusi den alderdiak ez ditu kontuan hartzen, edo kontuan hartuz gero be gero ez du betetzen». Hori dela eta, emendakinik eta ekarpenik ez egitea erabaki dute eta aurrekontuen kontra bozkatu dute.