Hamazazpi talde ibili dira hondartzan futbolean
Plaieroak jokatu dira Isuntzako hondartzan
Errege Egunaren bezperan jokatu zituzten aurtengo Plaieroen Txapelketako azken partidak. Sekula baino talde gehiago ibili da aurten norgehiagokan, hamazazpi guztira.
Abenduaren 28an hasi ziren jokatzen lehenengo partidak. Aurten, LH1 eta LH2 mailetako aurrebenjaminak, LH3 eta LH4 mailetako benjaminak, LH5 eta LH6 mailetako alebinak eta DBH1 eta DBH2ko txikiek parte hartu dute txapelketan. Halan, horrenbeste talde izanda, hainbat partida izan dituzte jokatzeko Gabonetako lehen bueltan. Partidak jokatu diren sei egunetan Isuntzako hondartza futbol zelai natural bihurtu da.
Emaitza horiek gorde egingo dituzte antolatzaileek, eta Aste Santuan jokatuko den bigarren bueltako emaitzekin jakingo dute zeintzuk pasatuko diren finaletara.
Aurten be, finalak maiatzaren erdian edo azkenetan izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Beti be, marea kontuan izango dute. Final horietara kategoria bakoitzeko talde bi pasatuko dira, Gabonetan eta Aste Santuan emaitza onenak lortzen dituzten taldeak, hain zuzen be.
34. txapelketa izan da aurtengoa, eta Plaieroak edo Hondartzako Futbola umeen eta gazteen artean indarra hartzen dihoala nabari da Lekeition. Halantxerik erakusten du, behintzat, gero eta handiagoa den parte-hartzeak. Horrela, maila bi izatetik lau egotera pasatu dira. Helburua, betiko legez, lagunartean jokatzea dute.