Erabaki hori “behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko” duen konpromisoaren adierazle dela agertu du. ETAren agiria
Bruselako eta Gernikako adierazpenen sinatzaileei erantzunez, su-eten egiaztagar...
Erabaki hori “behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko” duen konpromisoaren adierazle dela agertu du.
ETAren agiria
Bruselako eta Gernikako adierazpenen sinatzaileei erantzunez, su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra aldarrikatu du ETAk. Hala jakinarazi du
Gara egunkarira bidalitako agiriaren bidez. “Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk. Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa”, dio hitzez hitz erakunde armatuak agirian.
Agiri laburra da ETAk plazaratu duena. Lehenik eta behin azpimarratzen du nazioarteko zein Euskal Herriko eragile esanguratsuek “mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa” emateko beharra adierazi dutela, eta eurek bat egiten dutela helburu horrekin. Ildo horretatik, konponbidea “elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz” duen prozesutik etorriko dela dio, eta prozesu hori bultzatzeko eta arlo horretan duen konpromisoa adierazteko su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra ematea erabaki duela. Prozesua azken bururaino eramateko ahaleginean “etsi gabe” jardungo duela azpimarratu du bukatzeko.
EAJk, adierazpen ofiziala
Eusko Alderdi Jeltzalearen kasuan, Lea-Artibai eta Mutrikuko zein Busturialdeko ordezkariek jakin eragin zuten atzo EBBaren izenean Iñigo Urkullu presidenteak egindako adierazpen ofiziala zela bakarra alderdiak esateko zeukana. Arratsaldez egin zuen agerraldia.
EAJri ez zaio nahikoa iruditu ETAren agiria, «ETAk egin behar duen esfortzu bakarra desagertzea» delako, baina «garaia baliatzeko» eskatu du. «Bakerako bidea urratsez urrats egin beharrekoa da eta bake horretara hurbiltzen gaituzten urrats guztiak baloratu egin behar ditugu. EAJren ustez, Euskadin eta Estatuan bizi ditugun itxaropen eta egonkortasun garaiak aprobetxatu behar ditugu; giza eskubideen urraketak amaituz».
Hona hemen Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat eragilek agiria ezagutu ostean edukitako erreakzioak.
Joseba gezuraga
Eusko Alkartasunaren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailea
«ETAk egin behar zuen gutxieneko ekarpena da eta ateak zabaltzen ditu»
Berri pozgarria dela uste dut. Hainbat eragilek eskaria egin dute eta egia esan albiste honen zain egon gara. Herria itxaroten egon da noiz ailegatuko iragarpen hau. Hau da ETAk egin behar zuen gutxieneko ekarpena eta honek ateak zabaltzen dituela uste dut, aurrera begirako.
Unai urruzuno
Ezker Abertzaleko hautetsia Ondarroan
«Gernikako Akordioaren beste puntuen gauzatzea izan behar da orain denon xedea»
Ezker Abertzaleak zehaztutako bidean urrats logikoa da ETArena. Hala, Gernikako Akordioaren harira bere zeregina bete du ETAk. Batzuen inmobilismoa zein beste batzuen epelkeriak atzean uzteko garaiak dira. Orain, Gernikakoa elkarrizketa eta negoziazio politikoari bidea emango dion Akordio legez ulertuta, beste puntuen gauzatzea izan behar du denon xedea.
Natxi aranburu
Etxerat elkarteko ordezkaria
«Presoen inguruko muturreko egoeren soluzioa berehalakoa izan beharko litzateke»
Etxeraten, euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkartean, ideologia desberdineko pertsonak batzen gara. Gernikako Akordioa sinatu genuen pasa den irailaren 25ean, eta hori aintzat hartuta, orain ETAk egin duen iragarpena pauso positibo modura hartzen dugu. Horrez gain, asteburu honetan bertan errepresaliatuen eskubide urraketaren auziari aterabide demokratikoak planteatu dizkio jendarte zabal-zabalak. Hori guztiori kontuan hartuta, argi ikusten dugu, ezinbestean, muturreko egoeren soluzio berehalakoa behar dela. Hau da, gaixorik dauden presoak eta zigorra beteta daukatenak etxeratuz, euskal presoak Euskal Herriratuz, eta azken aldian agindu dituzten isolamendu eta bakartze krudelak amaituz. Asteburuan esan dugu: pauso bat eman dugu, eta bide bihurtu behar dugu, eta oraingo hau be pauso positibo bat da bide egite horretan gure ustez.
Karmelo jaio
Aralarreko Markina-Xemeingo hautetsia
«Pozagaz batera tristura be sentitu dut, urteetan hainbat sufrimendu egon delako»
Pozik jaso dut albistea, ze bakerako eta harreman barrietako aukera eta aurrerapausoa dakar. Hau espero genuen, baina desio gehiago be desio dugu: armen bidea betirako uztea. Uste dugu epe motzean horrela izango dela. Deskonfiantza puntu bat be egon ahal da, ze ezagutu ditugu beste su-eten batzuk, frakasoan amaitu zirenak. Baina oraingoan ezker abertzalea bide politiko soiletik doa, eta horrek su-eten egoera hau desberdin egiten du. Pozagaz batera, dena den, tristura be sentitu dut, pentsatzean urte luzeetan ia hainbat sufrimendu egon dela.