Sahararen aldeko mozioa onartu du Aulestiko Udalak
Urtea amaitu aurrean, Aulestiko Udalak elkartasuna eta babesa adierazi zion mendebaldeko Saharari. Hori izan zen abenduaren 15eko osoko bilkuran Euskal Fondoaren eta Euskadiko Polisario Frontearen mozioa onartzean egindakoa. Mozioan, alde batetik, azar...
Urtea amaitu aurrean, Aulestiko Udalak elkartasuna eta babesa adierazi zion mendebaldeko Saharari. Hori izan zen abenduaren 15eko osoko bilkuran Euskal Fondoaren eta Euskadiko Polisario Frontearen mozioa onartzean egindakoa.
Mozioan, alde batetik, azaroaren 8an Aaiun herrian gertatua salatu zuten. «Marokoko indarrek 20.000 sahararrek era baketsuan antolatutako protesta kanpamendua suntsitu zuten ehunka biktima –zaurituak, desagertuak eta hildakoak– eraginez. Erabilitako bortizkeria latza deitoratzen dugu». Era berean, nazioarteko behatzaileei sarrera ukatzea ere salatu zuten.
Mozioa onartzeagaz batera, zenbait egunez Saharako bandera udaletxeko balkoian jarrita eduki zuten eta Eusko Legebiltzarrak Sahararen inguruan ateratako adierazpena zabaldu zuten herritarren artean.
Eusko legebiltzarraren adierazpenagaz bat
Herritarren artean zabaldutako adierazpen instituzionalean jasotako puntuen laburpena jasotzen da jarraian:
Kondena eta babesa. Marokoko Gobernuaren indarkeria ekintzak (zibilen hilketa, kanpalekuen kontrako erasoak…) kondenatu eta saharrarei elkartasuna eta babesa adierazi.
Salaketa. Marokoko Gobernuaren jarrera salatu; lurralde okupatuetara sartzea galerazten ari baita.
Konpromisoa. Saharar herriaren egoera salatzeko eta haien eskubide zibil eta politikoak eskatzeko.
Kezka azaldu. Polizia indarren zein militarren presioak giza eskubideen bortxa eragiten dute.
Esku hartzea. Nazio Batuek sahararren babeserako neurriak hartzea. Era berean, Espainiako Gobernuari bermatzaile eta begirale izatea eskatu. Nazioarteko behatzaileen derrigortasuna nabarmendu.
Autodeterminazioa. Saharar herriak duen eskubidea berretsi Nazio Batuen Erakundeak adostutako eran.