Eguneko zentroari lehentasuna ematearekin ados daude herritarrak
Lehentasunak finkatzea izan da Santa Katalina komentuaren inguruan egin den hirugarren batzarraren helburua, eta prozesuan parte hartzen diren herritarrek eguneko zentroa jarriko dute zerrendaren lehen postuan. Hirugarren bileraren oinarria aurrez herr...
Lehentasunak finkatzea izan da Santa Katalina komentuaren inguruan egin den hirugarren batzarraren helburua, eta prozesuan parte hartzen diren herritarrek eguneko zentroa jarriko dute zerrendaren lehen postuan.
Hirugarren bileraren oinarria aurrez herritarren parte hartzearekin egindako diagnostikoa izan zen. Azken bilera hartan gizarte zein kultur arloko beharrak antzematen saiatu ziren.
Diagnostikoan agertutako beharren zerrendan hainbat gauza agertzen ziren arren, bilerara bertaratutakoek erabilera anitzeko aretoaren beharra ere nabarmendu zuten.
Bileraren bigarren zatian, irizpideak ezartzen saiatu ziren eta guneen ezaugarriak finkatzen. «Herritarrek zer eta nolakoa nahi duten zehazten saiatzea da helburua», zioten Prospektikerreko teknikariek.
Filosofiaren inguruan
Aurreko bileretan bezalaxe bi lan taldetan banatu lan egin zuten: batetik eragileak aritu ziren eta bestetik zozketaz aurketutako herritarrak. Espazioarekin gauza konkretuak egiteko planteamenduari jarraitu zioten arren, taldeetan espazio horren filosofiari ere erreparatu zioten.
Eragileen artean, kultura bultzatu eta herriko taldeen arteak sinergiak sortzeko guneaz hitz egin zen; herritarren artean, kultur gunearekin bat zetozen arren, ongizatera zuzendutako espazioari ere lekua eman zioten.
Hurrengo bilera, urtarrilaren 25ean, 19:00etan, Zabielen izango da; eta Udalari aurkezteko proposamena zehazten saiatuko dira.