Martxan jarri dute seigarren Peru Abarka album lehiaketa
Peru Abarka narrazio laburren lehiaketa jarri dute abian Euskara Zerbitzuak eta Herri Bibliotekak
Aurreko urteetako bideari jarraituta, Peru Abarka Narrazio Laburren Lehiaketa martxan ipini dute aurten be Udal Euskara Zerbitzuak eta Herri Bibliotekak. Bi ataletan dago banatuta: lehenengo narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egingo dute, eta ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko dute.
Antolatzaileek jakitera emon dutenez, kategoria bakarra egongo da aurten: helduentzako literatura. Oinarriak, berriz, aurreko urteetako antzekoak izango dira. Halan, ipuinak euskara batuan aurkeztuko dira eta gaia librea izango da. Gainera, originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izan behar direla zehaztu dute antolatzaileek.
Bestalde, ipuinak prosaz zein bertsoz idatzia egon daitezke, baina narrazioak gehienez 12.000 karaktere eta gutxienez 9.000 (espazioak barne) eduki beharko ditu.
Beti be, lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.
Ohi duten moduan, lanak DIN-A4 formatuan aurkeztu behar dira, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita. Gainera, lerrotik lerrora 1,5 aldea utziko da, eta Times New Roman izeneko letra mota erabiliko da, 12 puntukoa. Orriak zenbatu egin behar dira, eta orrialde guztietan adierazi beharko da lanaren izenburua.
Parte-hartzaileek lehiaketara kopia bakarra aurkeztu behar dutela be azaldu dute antolatzaileek. «Gutunazal itxi batean gordeta egon behar da, eta gutunazal horretan ez da egilearen izena ipiniko, titulu edo ikurritz bat baizik», diote. Titulu edo ikurritz berbera idatzi behar dute lehiaketara aurkezten direnek lanaren orri guztien buruan.
Gutunazalaren barruan, titulu edo ikurritz berbera duen beste gutunazal bat be sartu behar dute. «Bigarren gutunazal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-deiturak, telefono zenbakia, jaiotze-data, helbide elektronikoa eta helbide osoa. NANaren fotokopia bat be sartu beharko da», diote antolatzaileek.
Lehiatzaileek, gehienez be, bina lan aurkez ditzakete Peru Abarkara, eta lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke, bai eta postaz bidali Markina-Xemeingo Udalera be.
Narrazio irabazlea aukeratu ondoren, ilustrazio lehiaketa jarriko dute martxan, eta horretarako, testu irabazlea gaztelaniara itzuliko da. «Behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, funtzio bakarra lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaileentzat lagungarria izatea baita», zehaztu dute antolatzaileek.
Lanok aurkezteko epea datorren hilabetean, otsailaren 4an amaituko da.