Komunikazioa euskaraz izateko hitzarmena sinatu du Aulestiko Udalak Euskadiko Kutxagaz
Euskadiko Kutxaren eta Aulestiko Udalaren zein herritarren arteko harremana euskaraz izango da aurrerantzean. Hori da Udalak eta finantza erakundeak sinatu duten akordioaren muina. Sinatutako akordioa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) bultzat...
Euskadiko Kutxaren eta Aulestiko Udalaren zein herritarren arteko harremana euskaraz izango da aurrerantzean. Hori da Udalak eta finantza erakundeak sinatu duten akordioaren muina.
Sinatutako akordioa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) bultzatutakoa da. Hitzarmenean, finantza erakundeak konpromiso zehatzak hartu ditu; besteak beste, langile finkoak zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuak egotea, komunikazioa euskaraz izateko; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuen eskaintza euskaraz egitea; kontrakoa esan ezean, txartelak euskaraz sortzea; euskara erabiltzeko sustapena era ezberdinetan egitea; publizitate, kartel eta eskuorriak euskaraz egotea eta lehentasuna edukitzea; eta libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea. Uematik adierazi dutenez, bost urteren buruan hitzarmena osorik betetzea aurreikusten dute.
Aulestik ez ezik, Uemako kide diren beste sei herrik be sinatu dute aitatutako akordioa. Era berean, Kutxagaz harremana dutenĀ Uemako beste 33 herrik ere gauza bera egin dute. Azken horien artean Mutriku dago. Akordioa publikoki Deban sinatu zuten herri guztiek abenduaren 29an. Eta bertan izan ziren 40 herrietako ordezkariak, Gipuzkoako Kutxako mendebaldeko zuzendari komertzial Marta Medinabeitia, Euskadiko Kutxako Gipuzkoa kostaldeko lurralde zuzendari Juan Mari Osteriz eta Uemako lehendakari Jon Bollar.