EAJk herriko plan orokorrean barritasunik jaso ez izana leporatu dio EAEri
EAJk herriko plan orokorrean barritasunik jaso ez izana leporatu dio EAEri. Herrian zabaldutako eskuorri baten bitartez, 2007an agindutako guztia ez betetzea nabarmendu dute
Herrian zabaldutako eskuorri baten bidez, abenduan onartutako herriaren planeamendu orokorrak barritasunik ez duela jasotzen nabarmendu nahi izan du EAJk. «Plan orokorrean aurkezten diren egitarauak hurrengo lau urtean egingo zituela agindu zuen EAEk. Agindutakoa bete ez, eta gauza barririk be ez dute aurkeztu», nabarmendu dute.
EAJko kideek argi utzi nahi izan dute planeamendu orokorraren inguruko bozketan euren zinegotziak abstenitu egin zirela, eta bozketan hartutako jarreraren arrazoiak be azaldu dituzte.
Horregaz batera, orrialdearen alde batean, EAEk 2007an agindutakoa multzokatuta kaleratu dute. «Ez da agindu zuten guztia agertzen, baina asko bai. Herritarrak hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu horregaz; hau da, esandakotik zer egin den eta zer ez ikustera».
Proiektu zehatzei aitamena
Planeamendu orokorrak barritasunik jasotzen ez duela azpimarratzeagaz batera, proiektu zehatzei be egin diete erreferentzia.
Ukitutako gaietako bat etxebizitzena izan da. Alde batetik, eleiz-ostean eraikitzekoak diren 48 etxebizitzak aitatzen dituzte: «Hasieran libreak izatekoak ziren. Orain, hamabi sozialak omen dira. Ez dakiguna da eraikitzaileak aldaketa hori onartu duen». Bestalde, zerrategi zaharrean egin daitezkeen 42 etxebizitzei buruz egiten dute berba. «Diputazioak etxabea eta bi solairu egiteko aukera emon du bakarrik. Neurri horiekin ezinezkoa da eurek dioten kopurua mantentzea».
Saihesbidearen proiektuaz be aritu dira. «Legealdian ziren egitekoak. Orain, datozen urteetarako planean dago, lehen baino akats eta zailtasun gehiagogaz».
Azkenik, Murlan Udalak egin nahi duen zerbitzu enpresen gunearen inguruko kezka kaleratu dute. Proiektua herriaren onerako izan daitekeela onartzen dute. Baina gune ekonomikoa behar lukeena, politiko bihurtzearen beldur direla diote. «Han jarriko diren enpresei buruz galdetzean, Hitza, 11Barri eta Lea-Artibai Euskaraz aitatu ziren. Enpresa-gune onuragarria izan beharrean, ezker abertzalearen azpiegitura antolatzeko erabiltzea ez genuke nahi», diote. «Ez gaude enpresa horiek etortzearen aurka, baina bi milioiko inbertsioa egin ostean, denetarik etortzea nahiko genuke. Herrian eta inguruan aberastasuna sortzea».
Alkatearen erantzuna
EAJk egindako salaketen aurrean, Jon Bollar alkateak Murlako enpresa gunearen inguruan EAJk zabaldutako susmoak guztiz ezeztatu ditu. Gainontzeko guztiaren inguruan, ostera, momentuz, esateko ezer ez duela adierazi du. «Bestela be egingo genuen legealdiaren balantzea egiten ari gara, eta prest dagoenean kaleratuko dugu».