Kultura Sailak ebatzitako diru laguntzari uko egin dio Markina-Xemeingo Udalak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ebatzitako diru laguntzei uko egitea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak. Eusko Jaurlaritzak Markina-Xemeingo Udalari 647,59 euroko diru laguntza ebatzi dio. Diru gitxiegi dela ...
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ebatzitako diru laguntzei uko egitea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak. Eusko Jaurlaritzak Markina-Xemeingo Udalari 647,59 euroko diru laguntza ebatzi dio. Diru gitxiegi dela iritzita, eta ebazpenagaz ados ez dagoela salatzeko uko egin dio diru laguntzari Udalak.
Udalak adierazi dunenez, ez daude ados Jaurlaritzak aurten diru laguntzak banatzeko erabilitako irizpideekin. Azaldu dutenez, aurreko hainbat ekitalditan egindako ekimen berberekin jarraitzea erabaki zuten. «Udalerriko plan estrategikoan ondo sendotutakoak eta Markina-Xemeingo errealitate soziolinguistiko- ren arabera, lehenetsi beharrekoak zirelako», zehaztu du Udalak. Halan eta be, aurreko ekitaldietan diruz lagundutako ekimenek aurten dirurik ez dute jaso, edo «diru laguntza lotsagarria» emotea proposatu zaiela diote. «Zenbait ekimenetarako, esate baterako, 3,87 eta 4,20 euroko laguntza proposatu dute Berba Xelebreen lehiaketarako, esate baterako», zehaztu du Udalak.
Bestalde, beste ekimen batzuk, «udalerrirako garrantzitsuak eta beharrezkoak» direnak Udalaren ustez, ez dute dirurik jaso. Euren artean, Ijuixe Euskara Zerbitzuaren aldizkaria edota Lea-ArtiBai Euskarari elkarteagaz batera martxan den Berbetan egitasmoa. «Bertako euskara jaso eta zabaltzeko egitasmoa». Azken horri dagokionez, gainera, beste udalerri batean diruz lagundu dutela jakitera emon du Udalak. «Ulertu ezin diren irizpideei jarraituz», azpimarratu dute.