Karraspioko aparkalekuen proiektuaren aurka agertu da ezker abertzalea
Mendexako udal gestora Karraspion aparkalekuak egiteko proiketuagaz lanean ari da. Ezker abertzalea ez dator bat egitasmoagaz. Arazoa konpondu beharrean areagotu egingo duela uste dute; herritarrek eskatu bako proiektutzat jo dute. Gainera, aparkalekuez gain, etxebizitzak ere egin nahi dituztela plazaratu dute.
Karraspion aparkalekuak egiteko proiektuak polemika sortu du herrian. Ezker abertzalea haren aurka agertu da, eta herritarrentzako onurarik ez duen egitasmoa dela azpimarratu dute.
Karraspion ibilgailuak direla-eta sortzen diren arazoei irtenbidea emateko, Kurlutxu eta Itsaso Etxearen artean 200 aparkaleku inguru egiteko proiektua du eskuratean udal gestorak.
Ezker abertzaleak, ostera, proiektu horrek arazoa areagotu egingo duela mantentzen du. «Lehen ere egon zen ibilgailu kopuru hori sartzeko besteko lekua. Sartu-irtenak erregulatzeko bide barria eraikita be, zubiak dagoen lekuan egoten jarraitzen du, eta lekua dena da, ez da handitzen».
Ezker abertzalearen ustez, ibilgailuan bertaraino joateko erraztasunak emon beharrean, bestelako neurriak hartu beharko lirateke. «Herrigunetik zein inguruetatik autobusak jarri daitezke, esaterako, eta kanpoko aldean eginak dauden aparkalekuak aprobetxatu».
Aparkalekua baino gehiago
Ezker abertzaleak ziurtatu duenez, aparkalekua inguru horretan egiteko aukera ez dute herriko arauek jasotzen. « Lurjabe pribatu batek, bere probetxurako, udalari eskainitako tratuaren ondorio da».
Ezker abertzalearen arabera, aparkalekua egin nahi duten eremuaren jabeak 24 etxebizitza egitearen truke eskaini du bere lurra. «Arauetan aldaketa puntual bat eginda atara nahi dute aurrera proiektua», aitatu dute. «Ez da normala pertsona baten onerako inguru eder hori suntsitzea. Bi hiletan erabiltzeko obra egingo dute eta bertokook urte guztian sufritu beharko dugu».
Horretaz gain, egingo diren etxebizitzen artean babesekorik ez egotea azpimarratu dute. «Inguruetan babeseko etxebizitzarik egin ez duten bakarrak gara».
Etxebizitzak egin nahi dituzte inguruan, gainera, babestutako zuhaitzak daude. «Hori salbatzeko parke bat egitea proposatzen dute. Nork erabiltzeko? Berezko lilura duen ingurua hondatu parke bat egiteko? Ze zentzu du horrek? Ze interes da gestorak guzti horretan?».
Etxebizitzen aurka ez
Etxebizitzak eraikitzekotan Karraspion barik herrigunean egitea da planteatzen dutena. «Jendea herrian gelditzea nahi dugu. Herria sortzen garatzen joatea, beti be, modu orekatuan».
Horren harira, gestorak gai honen inguruan lau urtetan egindako gestioa kritikatu dute. «24 etxebizitza eginak dituzte; 98 egiteko aukera ere onartua dago… Udala gestora baten esku egonda, aparkalekuaren zeine txebizitzen inguruan hartzen dauden erabakiak ez lituzketela hartu behar uste dugu. Behin Udala egonkortzen denean, heldu beharreko gaiak direlakoan gaude» .
Behin behineko onarpena
Karraspioko aparkalekuaren gestioek luze joko dute oraindik. Hala ziurtatu du gestorako buru Pedro Agustin Juaristik.
Jaurlaritzaren eta Diputazioaren baimenak oraindik dauzkate. «Bide onean doaz gestioak, baina oraindik ez dugu ezer idaatzita ». Udal gestorak, bere aldetik, hasierako onarpena emon zion egitasmoari urtarrilaren 25ean. Oraindik proiketua jendaurrean jartzeke dago.
Juaristiren arabera, proiektu hori gauzatzeko lurjabeari eraikitzeko bolumena handitu zaio. «Horren truke aparkalekua eta parkea lortzen ditu herriak».
Gainera, aparkalekuak egiteko aukera arau subsidiarioek jasotzen dutela ziurtatu du, ezker abertzaleak esandakoaren aurka. Eta arazoa guztiz konponduko ez arren, zati handi bat en hala egingo duela adierazi du. «Kostako bidean zein baserriko pistak libratuko ditugu behintzat».