Espazioa berrantolatuta, Aulestiko botikineko ateak zabalik daude atzotik
Begoña Irizar farmazilariarena da Aulestiko boitkinaren ardura aurrerantzean; Munitibarko botikineko beharragaz txandakatuko du.
Atzotik martxan da, barriro ere, herriko botikina. Martitzenetan eta egunenetan 09:00etatik 13:30era egongo da zabalik eta barikutan, 09:00etatik 11:30era.
Udalak iragarri bezala botikinaren arduradun barria, jatorrizko farmazia Ean duen Begoña Irizar da. «Oraindik zabaldu barri dudanez, ez ditut herritar denak ezagutzen, baina Udalaren aldetik jaso dudan harrera oso ona izan da».
Botikinaren aldaketa bakarra espazioaren banaketan egon da. «Atzeko aldean ez zen ia lekurik gelditzen lehen zegoen moduan. Horregatik armarioak lekuz mugitzea erabaki dut, eta orain beharra gustura egiteko gunea sortu dut atzeko aldean», azaldu du farmazilariak.
Irizarrek Munitibarko botikinean duen beharragaz txandakatuko du Aulestikoa. Izan be, Aulestin ez dagoen egunetan ¬ astelehen eta eguazten¬ Munitibarko botikinean egongo da ordutegi berean, baita barikuan gelditzen den egun erdia ere ¬11:30etik 13:30era.
Ondoko herrian dagoenez, larrialdietarako prozedura ere proposatu du Irizarrek: herrian botikina zarratuta dagoen egunetan, beharrezkoak diren botikak udaletxera bertaratzeko konpromisoa hartu du. «Urgentziazko kasuak izanda, zain egon beharrik ez dute horrela, ezta mugitzen ibili beharrik ere. Jendeak halakoei badaki neurria hartzen, eta normalean, behar-beharrezkoa denean bakarrik deitzen dizute».
Botikinak otsailaren 4an zarratu zituen ateak. Udalak adierazi duenez, normalean, bi hilabeteko epea behar izaten da botikina zabaltzeko, baina oraingoan tramiteak azkartzeko modua eduki dute. «Botikina lehendik ere zabalik egotean, ez da aldaketa handirik egin behar izan, eta Udalak behin eta barriro jo du Jaurlaritzara botikina zabaltzeko beharra azpimarratuz».
Medikuan aldaketa
Medikua egunero egoten da Aulestin. Eguenetan, ostera, 11:30ean bukatzen du kontsulta, Gizaburuagara joan ahal izateko.
Botikinaren ordutegia kontuan hartuta, Udalak egun erdiko kontsulta egunez aldatzeko eskaera luzatu zuen: orain arte eguenetan 11:30ak arte gelditzen zen. Orain, barikutan egongo da ordutegi horretan. «Zerbitzua ahalik eta zabalena izatea nahi genuen eta Osakidetzako arduradunen eta Gizaburuagako Udalaren laguntzagaz hala izatea lortu dugu. Azken horiek hasieratik esan ziguten ez zutela eragozpenik aldaketa egiteagaz».