Euskal Herriko txapela janztea lortu du Urionak 22 urte azpikoen mailan
Iaz eskutik eskapatu zitzaion Euskal Herriko txapelagaz pozik agertu da Gontzal Urionabarrenentxea ; partida osoan aurretik joan zen Lea-Motrollokoa.
Lea Ibarreko pilotariek garaipen barri bat eskuratu dute asteburuan. Euskal Herriko txapelketan, 22 urte azpikoen mailan, Gontzal Urionabarrenetxea Uriona izan da irabazlea.
Lea-Motrollo Elkarteko pilotariak lehengoz eskuratu du Euskal Herriko txapela. «Finala izateko nahiko lasai nengoela aitortu behar dut, eta lortutako emaitzagaz oso pozik nago», esan du Urionak. Iaz ere finalera heltzea lortu zuen, baina orduan ezin izan zion Jon Jaunarenari –gaur egun profesionaletan ari da¬ irabazi. Partida hura 22-03 bukatu zen.
Aurten, ostera, Kalzada bermeotarrak ezin izan du markina-xemeingoa gelditu. Urionak emon zion hasiera partidari etalau tanto jarraian egitea lortu zuen. Hala ere, partidaren lehen partean, berdintasuna izan zen nagusi.
Bigarren zatiak, berriz, bestelako kolorea hatu zuen. Urionak baina ez zuen txapela ihes egiten ikusi nahi eta joko polita erakutsiz, 13-8 jarri zen aurretik. Bermeokoaren ahalegina ere nabaria izan zen, eta 15-13 hurbiltzea lortu zuen. Hortik aurrerakoak esanda gelditu ziren. Urionak akats gutxi eta lan handia eginez 13 tantotan utzi zuen Bermeokoa.
Horrenbestez, txapelketa osoan egindako beharrak emaitzak emon zituen. Aurrera begira garaipenak konfidantza emon dio Lea-Motrolloko pilotariari. «Denboraldi hasieran emaitza hau lortzeak animo handia emoten du».