Fiskalagaz akordu batera ailegatu dira eskualdeko zazpi gazteak
Lekeitioko Batzokian sartzeagatik gaur epaituak izan behar ziren eskualdeko zazpi gazteak akordu batera ailegatu dira fiskalagaz. 160 euroko isuna ordaindu beharko dute danek, eta sei hilabetetako kartzela zigorra adostu dute Borja Oregirentzat. Hala ere, Oregik, kartzela zigorrik ez duela bete beharko zehaztu du Kepa Manzisidor abokatuak.
Desobedientzia delituagatik urte beteko kartzela zigorra eta irainen faltagaitik isun bat eskatzen zuen fiskalak 2007ko abenduan Lekeitioko Batzokira sartu ziren sei gazteri. Borja Oregi markinarrari, berriz, bi urtetako kartzela zigorra eskatzen zioten atxiloketa momentuan erresistentzia eta autoritatearen kontrako atentatua leporatuta.
Akorduaren ondoren desobedientzia delitua urte batetik isun batetara jaitsi dute. «20 egun isun eta 8 euro eguneko ordaindu beharko dituzte danek», azaldu du Kepa Manzisidor abokatuak. Borja Oregirentzat, ostera, atxiloketa momentuan erresistentzia delitu bategatik «printzipioz bete beharko ez duen» sei hilabetetako kartzela zigorra adostu dutela zehaztu du.