Patxi Saizek (Getaria, 1965) hirugarri diskoa kaleratu berri du, Itxaropena izenekoa. «Disko hau ni naiz», dio musikariak. Orain arteko lanik «gordinena» eraman du argitara, bere esentzia doinuen bidez azaleratu nahi izan baitu Ondarroan bizi den getariarrak.
Nolako diskoa da Itxaropena?
Hamaika abestiz osatutako diskoa da, euskal kantu tradizionalean oinarritutakoa. Lana auto-ekoizpena da, eta iaz, urtean zehar, Musikorta eta Noizbehinka estudioetan grabatu nituen abesti horiek guztiak. Diskoaren izenak azaltzen duen moduan, itxaropena gai gisa jorratzen du abestietan, hori baita guztien xedea. Abesti gehienak gitarra eta ahotsean oinarrituta daude, baina horiek hainbat musika tresnarekin janzten ditut: pianoa, akordeoia, biolina, armonika, baxua eta perkusioa erabiltzen ditut, esaterako. Hitzen aldetik, berriz, abesti gehienak nireak badira ere, beste batzuk beste egile batzuenak dira. Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren bertsoak badaude, esaterako. Telesforo Monzonen hitz batzuk ere badaude. Bestalde, herri-mina, amodioa, barne-hausnarketa edota espetxearen inguruko gaiak jorratu dut. Halaber, hainbat kolaboratzaile ere izan ditut, Kemen Lertxundi musikaria, kasu.
Abesti guztiak itxaropenari zuzenduta al daude?
Bai. Abesti guztietan jorratzen dut gai hori. Guztietan egoera
jakin bat azaltzen dut. Abestiei egoera lazgarri batekin ekiten
badiet ere, amaiera aldera itxaropen zentzua eman nahi izan diet.
Zergatik jorratu nahi izan duzu gai hori?
Etorkizunari itxaropenarekin begiratu behar diogulako pentsatu dut. Oro har, orain arte sortu ditudan abestietan horretarako ohitura dut. Halabeharrez bada ere, itxaropenari begiratzea ezinbestekoa dela uste dut.
Nolako doinuak sortu dituzu disko honetarako?
Musika melodikoa egin ohi dut. Euskal musika tradizionalera jo dut. Musika goxoa da, oro har.
Beste diskoen aldean zer berezitasun du disko honek?
Gaiei dagokienez, ildo beretik jarraitu dut oraingoan ere, eta ez dira asko aldatu. Aurreko diskoan, ordea, doinuei dagokienez bestelako apostua egin nuen. Beste musika estilo bat jorratu nahi nuen orduan, eta jazz eta pop kutsua zuten abestiak sortu nituen. Oraingoan, ordea, nire benetako esentzia nabarmendu nahi izan dut, gitarra eta ahotsari garrantzia emanez.
Orduan, egin duzun lan intimistena al da?
Nire lan guztiak izan dira intimistak. Baina aurreko diskoak beste modu batzuetara jantzi izan ditut, eta, beharbada, publiko zabalago batengana zuzendu izan naiz. Oraingoa, lan gordina dela kontutan izanda, kantautore kutsua nabarmendu nahi izan dut. Hori hala, gitarra eta ahotsa erabiliz, diskoa are intimistagoa bihurtzen dela iruditzen zait.
Kolaboratzaile batzuk izan dituzu alboan diskoa sortzeko. Nolako esperientzia izan da hori?
Esperientzia polita izan da Kermen Lertxundirekin lan egitea. Horrez gain, beste kolaboratzaileekin aurretik ere ibili naiz lanean, eta ez da ezer berria izan, ohikoa baita horiekin lan egitea. Izan ere, besteak beste, Juan Luis aranburu akordeoi-jotzaile eta teklatu-jotzailea, eta Xabier Azkarate perkusio jotzailea izan ditut alboan. Horiek betidanik taldean laguntzaile izan ditut. Beraz, finean, egin ditudan lan asko haienak ere badira.
Horrez gain, beste egile batzuen hitzak ere erabili dituzu lan hau sortzeko. Zer eragiten dizute hitz horiek?
Egile batzuen lanak bere momentuan aurkitu nituen, eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Luis Maria Lauzirika, esaterako, gertutasunagatik ezagutu nuen, eta bere poema zerrenda batetik aukeratu nuen horietako bat. Iñaki Eizmendi Basarri-ren kasuan, hainbat bertso aukeratu nuen disko honetarako. Bertso horiek apur bat eraldatuta daude, eta Bizkaiko euskarara hurbildu nahi izan ditut. Horrez gain, Telesforo Monzonek bere garaian plazaratu zituen hitz batzuk ere sartu ditut abesti batean.
Zuk ekoiztu duzu diskoa. Zergatik erabaki duzu hala egitea?
Diskoetxeekin lan egiteko aukera handirik ez dagoelako erabaki dut diskoa neuk ekoiztea. Duela urte batzuk, esaterako, diskoetxeak saiatzen ziren musikariak aurkitzen eta diskoak argitaratzen. Orain, aldiz, norberak grabazioa eman arren, zaila da diskoetxe batek lan hori aurrera eramatea. Diskoetxeek diote merkatuaren egoera ez dela ona; teknologia berriak direla-eta, diskoak ezin dituztela saldu arrazoitzen dute. Horrez gain, lehen, diskoa grabatuta ematen genienean produkzio osoa euren gain hartzen zuten. Gaur egun, ordea, fabrikazioa ere musikarien lana izaten da. Hori hala, diskoetxeekin ekoiztuta, norberak ekoiztea baino garestiagoa izaten da batzuetan.
Disko bat zuk ekoizten duzun lehen aldia izan al da?
Ez, aurrekoak ere neuk ekoiztu nituen. Lehenengo diskoa kaleratzeko disketxe txiki baten laguntza izan nuen. Orduan, grabaketa eman nion diskoetxeari eta hark ekoizpena egin zuen. Horixe izan da haiekin izan dudan harreman bakarra. Geroztik, neuk ekoiztu ditut beste lan guztiak.
Patxi Saizek disko barria kaleratu du: ‘Itxaropena’
getaria.hitza.eus-ren elkarrizketa Patxi Saizek (Getaria, 1965) hirugarri diskoa kaleratu berri du, Itxaropena izenekoa. «Disko hau ni naiz», dio musikariak. Orain arteko lanik «gordinena» eraman du argitara, bere esentzia doinuen bidez azaleratu nahi izan baitu Ondarroan bizi den getariarrak. Nolako diskoa da Itxaropena? Hamaika abestiz osatutako diskoa da, euskal kantu tradizionalean oinarritutakoa. Lana auto-ekoizpena da, eta iaz, urtean zehar, Musikorta eta Noizbehinka estudioetan grabatu nituen abesti horiek guztiak. Diskoaren izenak azaltzen duen moduan, itxaropena gai gisa jorratzen du abestietan, hori baita guztien xedea. Abesti gehienak gitarra eta ahotsean oinarrituta daude, baina horiek hainbat musika tresnarekin janzten ditut: pianoa, akordeoia, biolina, armonika, baxua eta perkusioa erabiltzen ditut, esaterako. Hitzen aldetik, berriz, abesti gehienak nireak badira ere, beste batzuk beste egile batzuenak dira. Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren bertsoak badaude, esaterako. Telesforo Monzonen hitz batzuk ere badaude. Bestalde, herri-mina, amodioa, barne-hausnarketa edota espetxearen inguruko gaiak jorratu dut. Halaber, hainbat kolaboratzaile ere izan ditut, Kemen Lertxundi musikaria, kasu. Abesti guztiak itxaropenari zuzenduta al daude? Bai. Abesti guztietan jorratzen dut gai hori. Guztietan egoera jakin bat azaltzen dut. Abestiei egoera lazgarri batekin ekiten badiet ere, amaiera aldera itxaropen zentzua eman nahi izan diet. Zergatik jorratu nahi izan duzu gai hori? Etorkizunari itxaropenarekin begiratu behar diogulako pentsatu [...]
getaria.hitza.eus-ren elkarrizketa