Udalak gaia zarratu arren, ur-isurien beldurrez jarraitzen dute Eizaurrekoek
Inguruetan batzen zaien ur kantitateaz gain, etxearen atzeko aldeko lur mugimenduek kezka sortzen diete ingurukoei. Udalak negutegien inguruko gaia zarratu arren, Eizaurrekoak ez dira seguru sentitzen, eta solte gelditu diren kontuen inguruko erantzunak nahi dituzte.
Eguen baserriaren azpiko aldeko ibarreko ur-isurien beldurrez jarraitzen dute Eizaurre etxekoek. Izan be, etxe inguruan ur ugari batzen zaie eta etxearen atzeko aldean lur mugimenduak dituzte.
2005ean ibarrean goitik behera etorritako ur-isuriek etxe ingurua urez bete zieten eta Erazatorre baserrian barrura arte sartu zitzaien ura. Udalaren esanetan, gertaera ura hainbat faktoreren batuketaren ondorio izan zen. Eizaurrekoek, ostera, ez daukate hain argi. «Orduan egin zuen beste euri sarri egiten du hemen. Negutegikoak ureztatzeko baltsetatik askatutako ura izan zen orduan arazoa sortu zuena», diote.
Udalak, ostera, zarratutzat emon du negutegien inguruan sortutako arazoa. Horretarako hartutako oinarriak bi izan ziren: 2005etik ezer gehiago gertatu ez izana eta Artaza ingenieri taldeak egindako ur-isurien gaineko txostena. Txosten horretan, negutegien azpiegitura aztertuta, arriskurik ikusten ez zutela ziurtatzen zuten. «Artazakoengana jo genuen eta 2005eko gertaeren inguruan guk genituen argazkiak eta informazioa emon genion», diote Eizaurrekoek. «Hura ikusita txostena bere horretan mantenduko zuten galdetuta, ez zigun erantzun ere egin», azpimarratu dute.
Horren aurrean, Udala gertatu daitekenaren erantzule egiten dutela adierazi dute. «Barriro ezer gertatuko ez dela esatean, benetan ziur al daude? Udala izan zen negutegiak ibarraren goiko aldean jartzea baimendu zuena. Ezer gertatuz gero, ardura eurengain hartu beharko lukete».
Informazioagaz dudak
Arazoa zarratu aurrean, Udalak arazoaren inguruan berba egin duen guztietan eta guztiei bere esku egon den informazio dena emon izana nabarmendu nahi izan zuen. Eizaurrekoek, ostera, Jaurlaritzara zein Artazara zenbait dokumento eurek eroan zituztela adierazi dute.
Eizaurrekoek, gainera, informazioaren kudeaketari buruzko galdera zuzena egin zion Udalari eskutitz bidez. «Eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Informazio guztia erakutsi dutela egia bada, hori hala dela frogatu ahal izango dute. Noiz, zer eta nori bidali zioten zehaztu besterik ez lukete egin behar».
Eizaurrekoek euren aldetik egin dezaketen guztia egin izana nabarmendu dute. Etxearen atzeko aldean uren jaitsiera bideratzeko obrak eginak dituzte, esaterako. «Guk ahal duguna egin dugu, baina goikoek hala egin dutela ziurtatzea nahiko genduke».
849/1986ko errege dekretuak ibarraren goiko aldean egindako obren ondorioz, beherago daudenen egoera txartu ezina jasotzen da. Eta horri eusten dioten Eizaurrekoek. «Guk obra egitean beherago gelditzen direnei ez genien inolako arazorik sortu», adierazi dute. «Badakigu ibarra izanda, urak bere bidea egin behar duela, baina bide hori nola egiten duen jakitea garrantzitsua dela deritzogu; barriro ere, gertaera tamalgarririk ez egoteko».