Berriatua txapeldun
Lekue eta Bilbaoren zesta kolpeek markatu dute Euskal Herriko txapelketako zesta punta finala. Danok Batek ezin izan ditu berriatuarrak gelditu eta haiek eraman dute txapela.
Lekue eta Bilbaok 35, Goxerri eta Beitiak 23. Hori izan da Euskal Herriko Txapelketako irabazlea erabaki duen partidako azken markagailua.
Berriatuarrek merezitako garaipena eskuratu zuten, joan den zapatuan, Andoainen. Partidako lehen tantoa mutrikuarrek egin zuten arren, berriatuarrek segituan hartu zieten aurrea, eta partida amaitu artean, halantxerik mantendu ziren.
Berriatuarrak izan ziren partidaren nondik norakoak zuzendu zituztenak, eta Danok Bateko bikoteak haren arabera jokatu behar izan zuen. Lekuek aurreko aldean egindako lana erabakiorra izan zen garaipenerako. Markagailua 28-17 zegoela, gainera, berriatuko aurrelariari zestako takoa apurtu zitzaion. Momentu horretan mutrikuarrek hiru tanto jarraian egitea lortu zuten, baina hori izan zen dena. Hortik aurrerakoak berriatuarren esku gelditu baitziren berriro ere.