Zerbezaren jaiari lekua eginez
Aurten bigarrenez ospatuko dute zerbezaren jaia amorotarrek; iazko arrakastaren ondoren aurrera egitea erabaki eta iazkoa gaindituz aurten hamar zerbeza mota dastatzeko aukera eskainiko dute.
Gastronomiari lotutako jaiak antolatzerakoan, amorotarrek ez dute parekorik. Egutegian egun seinalatuak dituzte, eta horiek antolatzen hainbat lagunek egiten due behar. San Martinetan, txerri jana; Santa Barbara bueltan, txahal jana eta iaztik hasita, martxoan, Zerbeza Eguna antolatzen dituzte.
Azken egun horren hitzordua zapatuan daukate jarria. Eta eguna heltzen denerako guztia prest nahi dute eduki. Gosea asetzeko nahibeste txerriki egongo da: saiheskia, urdaia, okela, saltxitxak, solomoa… dena bertakoa, dena etxean egina. «Saltxitxak egun batez lehortzen utzi behar direnez, eguenean prestatuko ditugu; barikuan, ostera, gainontzeko guztia zatitu eta egunerako prest utziko dugu», azaldu du Angel Bermeosolo Zintzo-k. «Solomoa, ostera, zatitu gabe eroan eta, momentuan bertan, xerratan ebaki eta prestatuko dugu».
Janari guztia Telleria baserrian hazitako txerrietatik ateratakoa izango da. «Bi txerri hil ditugu aurtengorako: Eustakiok 133 kilo zituen, eta Eustakiak, 125 kilo», dio Zintzok irribarrez. Txerriak domeka gauean hil zituzten. Horretarako, ohi duten bezala, herriko lagun taldea batu zuten. «Datozen denentzat soberan jateko modua emongo dute bi txerriek, dudarik gabe».
Jaialdiko protagonista
Janaria erruz egongo den arren, jaialdiko protagonista edaria izango da. Zerbeza. Iaz zazpi mota jarri zituzten denen eskura; aurten, ostera, hamar izatera heldu dira. Eta tartean, iaz bezalaxe, herrian bertan egindako bat dago.
Iaz zerbeza guztiak euro bateko txartel baten truke eskuratu ahal ziren. Aurten aldaketa txiki bat izango da horretan. «Zenbait zerbezaren prezioa dela-eta, txartel bat barik bi emon beharko dira. Baina txerriki pintxoena mantendu egingo dugu: pintxo bat, txarteltxo bat». Jai gunea frontoian prestatuko dute, eta han bertan jarriko dute txarteltxoak eskuratzeko mahaia ere.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ez dute dudarik egin jaialdia errepikatzeko orduan. Jaialdia gazteei begira egin zuten lehenengoz. «Beste gastronomi jaietan gazteen falta sumatzen hasita geunden eta Zerbeza Egunagaz erakarriko genituelakoan hasi ginen honetan. Lehen berba Jon Jaiori entzun nion nik. Taldetxoa batu eta hemen ari gara betiko legez; beharrean, baina gustura».
Jaialdia, zapatuan, 12:00etan zabalduko da herritar zein bisitarientzat. «Guztientzat ditugu zabalik ateak Amoroton».