Lertxundiren lanak Bilboko Lumbreras galerian egongo dira apirilaren 9a arte
Ohiko lan ildoari jarraitutako 50 piezaz osatutako erakusketa zabaldu barri du Mikel Lertxundi berriatuarrak Bilbon. Naturako elementuak eta materialak batzeko ikus-entzunezkoetaz baliatu da erakusketako pieza zentrala egiteko.
Mikel Lertxundik 50 pieza batzen dituen erakusketa zabaldu barri du Bilboko Lumbreras galerian (Henao, 3). Osaketak izena daraman erakusketako ateak zabalik egongo dira apirilaren 9a arte
Erakusketari izena emon diona bertako gela baten artistak ikusleari planteatzen diona jokoa da. Berriatuarraren lanak ezagunak dira hiru elementu biltzen dituzten konposizioak direlako: egurra, harria eta burdina. Elementu horiekin sortutako piezen arteko oreka bilatzen du artistak. Eta hori da, hain zuzen ere, ikusleari proposatzen diona. Mentalki bakoitzak bere koposizoa eginez, norbere oreka bilatzea.
Horretarako, artistak konposizio ezberdinetako piezak banatu eta bakoitza bere elementuagaz jarri du: egurraren multzo zirkularra, harriaren multzo triangeluarra eta burdinaren laukiluze itxurako multzoa osatu ditu. «Nire konposizioei poesia deitzen diet. Formatik haratago transmititzen dutena baita nire interesatzen zaidana. Formari arreta eskaini gabe eskultura egitea ezinezkoa da, baina nire erronka forma hutsera ez mugatzea da. Konposizioen bidez bakoitzak bere poesia sortzea nahiko nuke», adierazi du Lertxundik.
Ikusleei osaketak egitea ahalbideratzen dien gelaz gain, hainbat lan agertu ditu berriatuarrak. Materialak limiteraino eroanaz, titulurik gabeko lan arinak sortu ditu. Espazio ezberdinetan jartzeko moduko artelan arinak.
Azkenik, erakusketako pieza nagusiak, elementuak eta materialak batzen ditu. Hori da, hain zuzen be, artistak eskaintzen duen pieza berritzaileena. Elementuak ¬haizea, sua eta ura¬ eta materialak fusionatzeko ikus-entzunezkoak erabili ditu berriatuarrak. Burdina goraka doan suagaz lotu du; harria, beherantz doan uragaz eta egurra zeharka doan haizeagaz.«Loturak ez dira kasualak. Bizitzaren zirkulua adierazten dute. Etengabe ikertzen dudan zirkulu existentziala. Guztia harekin sortzen da, harekin eraldatu eta harekin desegin. Bilatzen dena, bizitzatik ateratzen den poesia da».
Forma minimotik, pentsamendu sakonera
Material bakoitza bere forma eta posizioan lantzen du Lertxundik; nahiz lan arinak nahiz mazizoak izan, harria dute oinarrizko elementu; burdina da indarra edo potentzia emoten diona eta egurragaz, borobiltasuna emoten die bere lanei.
Materialei protagonismoa emanez, forma minimoetara joten du oraingoan ere. «Forma geometrikoak lantzen ditut beste forma guztiak bildu eta labustzen dituztela uste dudalako, baita formatik hurrunduz esentziara jotzen laguntzen dutelako ere. Pieza zenbat eta garbiagoa izan, errazagoa da ematen dizun horretan sakontzea».
Oinarri filosofikoa «naturak eskaintzen duen orekan» dauka erakusketak, eta erakuketa ikuslearen begirada naturara zuzentzeko ere baliatu nahiko luke. «Bizitzak aurrera egiteko behar-beharrezkotzat jotzen dut natura zaintzea, eta lan hau, zuzenean horretarako ez den arren, jendearengan kontzientzia minimo bat sortzeko balioko balu pozik geldituko nintzateke», azaldu du Berriatukoak.
Bilbokoa amaituta, maiatzean, Madrilen izango da erakusketa.