ELKARRIZKETA Mikel Mariezkurrena Mutrikuko udal kirol teknikaria Herriko hamahiru kirol kluben arteko harremanak sendotzeko eta klub bakarra sortzeko ideia aztertzeko batu berri dira 2002tik darama kirol teknikari modura Mutrikuko Udalean Mikel Mariezkurrenak (Mutriku, 1977). Aurreko astean bildu zen herriko kirol taldeekin, eta «pozik» dago bileraren erantzunaz eta emaitzaz. Egiguzu herriko kirol kluben argazki bat. Mutrikun hamahiru kirol elkarte daude. Horrek esan nahi du herri aktiboa dela kirol arloan. Biztanleria 5.000 ingurukoa izanik, ez da posible klub guztietan jende asko egotea. Kirol askoren aukera dago. Futbolak dauka nagusitasuna, baina hor daude areto futbola, arrauna, eskubaloia, saskibaloia, xakea, bela, mendia, txirrindularitza, sokatira, pala eta zesta-punta ere. Udal aurrekontuak %32 murriztu dituzte iazkoekiko. Eraginik izango du horrek kirol arloan? Eragina izango du, baina lortu duguna izan da kirol elkarteentzako diru laguntza kopurua mantentzea. 20.000 eurokoa izango da aurten ere. Mantentzeko esfortzua egin da, kontuan hartuta kirol talde hauek benetako ONG-ak direla herrirako; lan handia egiten dute eta beraiei esker da herria hain aktiboa kirol mailan. Egin berri duzuen bileran kirol elkarte bateratua sortzeko proposamena aztertu duzue. Zertan datza? Kirol batzordean ere badira urte batzuk gai honi bueltaka gabiltzana. Konturatzen gara elkarte asko daudela, eta bakoitzean pertsona bat edo bi ardura guztia eramaten dutenak. [...]
Domekan, 19:00etan, Kafe Antzokian da Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu taldeen lana. 70eko hamarkadan jaiotako sei lagun. Sei euskaldun. Markinarrez mintzo da bat (Ander Lipus – Zigor), xibereraz beste bat (Manex Fuchs – Erramun); behe-nafarreraz Kaiet pertsonaia (Ximun Fuchs); gipuzkeraz Eider (Miren Gaztañaga), nafarreraz Pili (Ainara Gurrutxaga), eta euskara batuaz Fermin (Urko Redondo). Ez dute aspaldian alkar ikusi. Hil barri zaien Hodei lagunaren hiletarako batu dira. Eta hor, saminak eta barriz alkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Hor agertuko dira bakoitzaren amorruak, maitasunak, gogoetak… «Karikatura moduko bat da; gure belaunaldiaren anplifikazio moduko bat; eta gure gaztaroko musikak be kontakizun horretan bere lekua dauka», dio Ander Lipusek, Errautsak lanaren inguruan. «Sei aktoreok hasi ginen gure belaunaldiari buruzko inprobisazioak-eta egiten, eta gero Igor Elortzari eta Unai Iturriagari egin genien ideia horiek ordenatu eta gidoi bat idazteko enkargua». Horrela jaio zen «gure gaztetako ametsek errautsak garela» gogoratzen duen obra. Elkarlanaren emaitza Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu taldeen arteko elkarlanaren emaitza da Errautsak. Emaitza arrakastatsua. Hainbat herritan eskaini da jada Euskal Herri osoan; «aretoak bete egiten dira, eta horixe da guretzako saririk onena», dio markinar aktoreak. Bestelako sariak be jaso ditu. Pasa [...]