Urteetako dedikazioa baloratu eta eskertu
Herritar ugari batu eta sorpresaz betetako eguna prestatu diote, zapatuan, Berriatuan 30 urtez andereño izan den Mari Kruz Ansolari; omenaldiagaz ixilean egindako behar guztia eskertu nahi diote berriatuarrek.
Bere beharragatik herriko belaunaldi asko ezagutu dituen emakume bat omendu nahi dute berriatuarrek. Bakoitzak bere oroitzapenak gordetzen ditu; bere bizipenak ditu, harreman mota jakin bat… eta halan eta be, denei barruan gordeta gelditutakoa sentimendu positiboak dira.
Mari Kruz Ansola, edo herrian ezagunagoa den bezala, andereño Mari Kruz, 30 urtez aritu da Berriatuko eskolan. 1980an hasi zen bertan eta iazko ikasturtea izan zuen azkena. Ixilean utzi zuen bere postua, ohi duen bezala, baina herritarrek ez dute nahi izan Berriatuarekin eta berriatuarrekin duen harremana hala amaitzerik. «Erreferentea izan den emakumea da; bihotza gorputza bestekoa duena. Egun batean ezin da eskertu egin duen behar guztia. Baina sentitzen duguna erakutsi nahi diogu», diote antolatzaileek. Zapatuan gustuko ez duen protagonismoa hartuko du Ansolak. Izan be, hainbat jardueraz osatutako omenaldia prestatu diote ikasle, irakasle, orain zein lehen ikasle izandakoen guraso eta ikasle ohien artean. Udalak be parte hartuko du.
Sorpresaz betetako eguna prestatu dute. Tartean, 150 lagun bilduko dituen bazkaria be izango da. Omenaldia 12:00etan hasiko da, eskolako patioan.