Zuzendariari: eskutitza
Mendexako ezker abertzalearen eskutitza, Karraspioko aparkalekuen egitasmoari buruz.
Herriaren interesa ala negozioa
PNVren pelotazoa Mendexan. Mendexako Udalean agintean dagoen PNVko gestorak hasierako onarpena emon dio arau subsidiarioen aldaketa bati. Bertan, Karraspio inguruan, Vista Alegren, aparkaleku bat, etxeak eta parke bat aurreikusten dira.
Horren aurrean, ezker abertzalean badugu esatekorik: Ez dugu nahi aparkalekurik! Ez dugu nahi aparkalekurik, ez dugulako behar. Trafikoaren arazoa konpondu beharrean, handitu egiten du. Bardin da 100, 200 edo 500 plazako aparkalekua egin, askoz be auto gehiago etorriko dira gure errepide eta auzo bideetan zehar leku libre bat aurkitzeko esperantzan. Aparkalekua betetakoan, bide bazterrak beteko dituzte.
Erakundeen iritzia be bestelakoa zelakoa geunden. Lekeitioko saihesbidea egiteko arrazoi nagusienetakoa herriko trafikoa gutxitzea zen. Horretarako, errotonda inguruetan aparkalekuak egingo ziren. Orain zer esan behar zaie Karraspiora bizikletaz ausartzen direnei? Bizikletak etxean izteko, autoei bidea ez oztopatzeko?
Bigarren arrazoi nagusia bere kostua da; batez be, inguruari egiten zaion kaltea. Aparkalekua joango den lekua guztiz hondatuko da, eta gitxi ez balitz, errotonda eta bide barriak egingo dira autoak bertara heltzeko, eta beste pasabide bat (hemen be ederra desmontea) aparkalekutik hondartzaraino oinez ailegatzeko. Merezi du hainbeste txikizio inguru parebako baten urtean bi hilabetez erabiliko den aparkalekua egiteko?
Baina aparkalekua txarra izanda be, ez da txarrena. Okerrena da aparkalekua ez dala herriaren interesa, aparkalekua negozio baten zati bat dela. Herriaren interesa balitz, erakundeek sustatuko zuten egitasmoa eta ez sustatzaile pribatu batek. Aparkalekua herriaren interesa balitz, eraikitzeko lurra Diputazioak erosi edo desjabetu egingo luke, eta kitto.
Baina ez, hemen aparkalekua egiteko lurraren truke jabeak etxebizitzak eraikitzeko dituen bi baimenen ordez, hogeita lau lortuko ditu (lau ez, biren ordez hogeitalau), eta ez, kasualitadez, aspaldi itxaroten geunden etxebizitza babestuak egiteko. Herriaren zer? Negozioa bai ederra. Honek Marbellan edo Mendexan izen bardina dauka: Pelotazoa.
Gero, hori bai, goian etxe eta euren urbanizazio; behean, aparkalekua, eta albo guztiak bideekin asfaltoz eta hormigoiz izorratu eta gero, jabeak debalde emoten du erdian gelditzen den terreno zatia, bertan lorategi ingelesa (mendexarron birika izango ei da) egiteko.
Hau dena Mendexan, PNVko gestorak, botorik barik, lotsarik barik eta lapurtutako aulkietatik gobernatzen duen herrian. Hau dena orain, presaka eta ezkutuan legegintzaldia amaitzeko bi hile gelditzen direnean.
Gestoraren azken zapartadak dira. Balentriak egin eta badoa; patata Mendexako PNVren eskuetan geldituko da. Ez dakigu negozioan parterik duten, eta balute, norainokoa. Baina, gestoraren faltan eurak bihurtzen dira arduradun. Ba, orainditxik jakin dezatela aurrean egongo garela, eta ez dugula atsedenik hartuko herriaren lepo eta herriari onurarik ekartzen ez dion astakeria hau gelditu arte.
Jose Luis Guenaga Laka. Mendexako ezker abertzalearen izenean.