Ahotik barik, bihotzetik berbetan
Mari Kruz Ansolak, 30 urtez herriko eskolan aritu ondoren, berriatuarrengandik esker onezko omenaldia jaso zuen joan den zapatuan; emozioz betetako ekitaldian, esan daitezkeen berba ederrenak eskaini zizkioten jubilatu barri den irakasleari.
Eskerrak emotea, berba kontua izatetik haratago joan zen zapatuan. Bizi oso bat hezkuntzara zuzendu duen emakumeari omenaldia egin zioten berriatuarrek, esan daitezkeen berba ederrenekin jantzitako ekitaldiagaz.
Mari Kruz Ansolak, andereño Mari Kruzek, 30 urtean egindako beharra eskertzea zuten helburu. Jende asko batu zen. Belaunaldi askotako herritarrak. Sentimendu asko batera, oroitzapen ugari eta gauza gehiegi esateko. Han bildutakoen sentipenei bide emoten asmatu zutenak, ordea, Joseba eta Iñigo Goienola eta Imanol Aldazabal herriko bertsolariak izan ziren. Hitz gutxitan gauza asko esaten artistak direla erakutsi zuten. Ekitaldiaren muina adierazten asmatu zuten: «Gogorra izan behar zenean, izaten zinen gogorra/goxoa izan behar zenean/zinen azukre kozkorra/merezi beste ez izan arre, omenalditxo hau horra/txikiagoa izan dadin guk (bis)/zurekin daukagun zorra». Bertso ale hunkigarriak etorri ziren gero. Berriatuarren bihotzak, bertsolarien ahotik berbetan: «….omenaldi batekin zati bat pe ez degu eskertuko…Marikruz berritxuarrok inoiz ez zaitugu ahaztuko….. Berritxuko etorkizunaren lekukoa izan zara…jubilatu zaren arren, Berritxun zagoz ondino, bere sasoian sartu baizinen gure bihotz erdiraino».
Musikaren erritmora
Begiak malkoz beteta edukitzetik, irribarrera, algarara…. urduritasunetik, berotasunera…. emozio denek izan zuten eruen tartea.
Musikak presentzia handia izan zuen. Izan be, ginasia erritmikoko saioak. Txikienen saioak alaitasuna eta freskura ekarri zuen. Eta irakasle eta ikasleek dantza ere egin zuten.
Oparien tartea ere izan zen: Imanol Mugartegi alkateak plaka bat emon zion; gaur egun zinegotzi diren ikasle ohiek, txapela eta makila; guraso elkarteak, lore sorta; eskolako umeek, guztien sinadurak bilduko zituen koadernoa; eta iaz eskola utzitako umeek aurreko asteburuan andereñoarentzat grabatutako bideoa. Abestu ere egin zioten, eta ondo egindakoak hartu eta gaizki eginak ahazteko eskatu zioten.
Ansolak, berba hartuta, argi utzi zuen herritarrek transmititu ziotena, berak haiengatik sentitzen zuen gauza bera zela. «Nik inoiz ez dut beharra bakarrik egin. Hor egon diren irakasleei eskerrak emon nahi nizkieke. Eta zuoi guztioi ere bai», esan zuen. «30 urtez hemen aritu naiz, berriatuarrek eskola edukitzeko lan egin dutelako. Jarraitu bide horretan, jarriatu nahi duzuen herria eraikitzen, zeuen neurrira, eta zeuentzako».