Asteburuko probek erabakiko dute Aulestiko manta nork eroango duen
Aurreko asteko emaitzak kontuan hartuta Maider Uriarte doa sailkapenaren buruan. Aulestiarra izan zen iazko txapelduna. Asteburuan Euskadiko txapela eskutik kendu zion Alegria bermeotarra izango dira probalekuan, besteak beste.
Asteburuan jokatuko dira Aulestiko zaldi-mando proba erabakiorrak. Aurreko asteburuko saioen ondoren, Maider Uriarte herritarra dago lehen postuan.
Uriartek 80 untza eta 3 metro egin zituen. Horrela, untza baten hobetu du herriko probalekuan iaz egindako marka. Gainontzeko probalariak oso atzean utzi ditu, gainera. Izan be, gehien hurbildu zaizkion aurkariak 65 untzara heldu dira, Uriartek egindakotik oso hurrun: bigarren, Erauzkin izan zen 65 untza 3/4 eta 4 metrogaz eta hirugarren, ostera, Borja Abal, 65 untza eta 3 metrogaz.
Asteburuan, barriro be, hiru saio egongo dira. Oraingoan baina, probak zapatu, domeka eta astelehenean izango dira. Hirunakako saioak egingo dituzte.
Zapatuan, hilak 26, 21:00etan, Zallako Zubiondo jatetxea, Busturiako Angel Lertxundi eta Laukizko Unai Aresti ariko dira. Zapatuan, 18:00etan, Laudioko Aldama, Munitibarko Motrollo eta Aulestiko Juan Martiartuk parte hartuko dute. Eta domekan, Mendexako Taberna-Barri, Aulestiko Koba eta Bermeoko Asier Alegria ren arteko norgehiagoka ikusi ahal izango da. Azken horrek Euskadiko laugarren txapela eskuratu barri du Aian, Maider Uriarteren aurretik geldituta. Hirugarren Koba aulestiarra gelditu zen. Horrenbestez, iazko Euskadiko txapelketako podioa errepikatu zuten, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko probalariak puntan daudela erakutsiz.
Gogoratu behar da asteburu honetan egingo diren probetan ere herriko harria erabiliko dela: 900 kilo ditu eta 80 kiloko gainkarga jarriko diote hasieratik. Abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango da.