Jubilatuen elkartea eta ludoteka barriak inauguratu dituzte Ispasterren
Domekan, meza ostean, bi azpiegiturak bedeinkatu zituzten. Adin ezberdinetako jende asko bertaratu zen ofizialki martxan jarri dituzten lokalak nola gelditu diren ikustera.
Ofizialki martxan egongo dira, aurrerantzean, ludoteka eta jubilatuen elkarte barria. Aurrez ere erabilpena emoten hasita zeuden arren, bi lokalak inauguratzeke zeuden eta domekan, meza ostean, egin zuten ekitaldia.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, herritar asko eta adin ezberdinetakoak agertu ziren ekitaldira. Bi lokalak bedeinkatu ostean, mokadutxo bat jateko aukera ere egon zen eta 14:30ak egon ziren elkarregaz, udalarenak diren bi lokaletan egindako inbertsioen nondik norakoak aztertzen.
Jubilatu elkartearen lokalak 70 metro karratu inguru ditu eta Bizi elkartearen esku laga du Udalak, horretarako dagokion hitzarmena sinatu ostean. «Bizikoak izango dira lokalaren kudeaketaren arduradunak, baina ateak beti egongo dira zabalik herritar guztientzat. Inoiz ez zaio inori sarrera debekatu», azaldu dute udal ordezkariek herritarren artean sortutako kezkei erantzunez. Zentzu horretan, Bizi elkarteko buru Garbiñe Larrinagak ere egin ditu adierazpenak. «Jubilatuen elkarteko kide edozein izan daiteke; elkartea bere irekita dago. Eta bazkide ez izan arren, ere gure ekintzetara etorteko aukera dute denek».
Biziko burua pozik agertu da lokalen inaugurazioagaz. «Luzaro egon gara horrelako azpiegitura bati itxaroten. Orain daukagunaz gustura gaude, benetan. Eta batzuk esan dutenaren aurka, esan beharra daukat, lokalen inaugurazioak ez duela politikagaz zer ikusirik eduki. Lokalen inaugurazioa haratagoko kontua da».
Ludotekak, ostera, 40 metro karatu inguru ditu. Hura nola gestionatu erabakitzen ari dira momentuan udal ordezkariak.