Zaldupe-Alleri bidea, zarratuta
Pasealekuko obra gelditzeagaz batera «derrigor» hartutako neurria izan dela dio Kudeaketa Batzordeak. Zaldupe eta Alleri arteko oinezkoen bidea hesi bategaz zarratu dute aurreko aste amaieran. Hesi bategaz itxita dago eta bertan ipini dute zarratz...
Pasealekuko obra gelditzeagaz batera «derrigor» hartutako neurria izan dela dio Kudeaketa Batzordeak.
Zaldupe eta Alleri arteko oinezkoen bidea hesi bategaz zarratu dute aurreko aste amaieran. Hesi bategaz itxita dago eta bertan ipini dute zarratzearen zergatiaren azalpena: «Zaldupe-Alleri obra geldirik dagoenez, segurtasun neurriak eskatuta, bide hau moztuta gelditzen da. Barkatu eragozpenak».
Bidearen erabiltzaile askoren harridura eta haserrea eragin duen itxiera «derrigor» hartu behar izan duela azaldu du Udal Kudeaketa Batzordeko buru Felix Aranbarrik. «Pasealekua egiteko obra behin-behinean gelditzeko agindua eman du auzitegiak, eta agindu horren barruan derrigortuta gaude bidea ixtera», esan du. Horregaz batera, argitu du «ahalegin guztiak» egiten dabiltzala, bidea atzera be zabaltzeko.
Zaldupe-Alleri pasealekuko obrak behin-behinean gelditzeko epaia pasa den otsailaren 4an argitaratu zuen Bizkaiko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak. Bertan, obrak gelditzea agindu zuen, harik eta EAEko Auzitegi Nagusiak Alleriko etxeen planari dagokion epaia emon arte. Sententzia horretan «obrak berehala gelditzea» zen eman zuten agindu zehatza. Ez zuten aipatu bien bitartean bideak zabalik jarrai zezakeen edo zarratu egin behar ote zen.