Patxi Saizek ‘Itxaropena’ dakar Ondarroara
Bere azken diskoa zuzenean aurkeztuko du zapatuan, 19:00etan, Korrika Kulturalaren barruan. ELKARRIZKETA «Ahotsei eman diet protagonismo gehiago disko honetan» «Musikatik ez, baina musikarekin» bizi da erabat joan den sei urtean Ondarroan bizi den Patxi Saiz Ezenarro (Getaria, Gipuzkoa, 1965). Kafe Antzokian bihar 19:00etan aurkeztuko du zuzenean bere hirugarren diskoa: Itxaropena. Korrika Kulturalaren eskutik dator kantaldia. ‘Itxaropena’ dakarzu. Has gaitezen izenetik bertatik. Baikor? Diskoari kutsu hori eman diot orokorrean, nahiz eta kantu mota konprometitua izan gaiei dagokionez, eta problematika bat agertu… Zelako gaiak landu dituzu? Hiru sailetan bana daitezke. Bata, Euskal Herriko egoera politikoaren iragana eta oraina. Bestetik, barne hausnarketarako edo gogoetarako bidea ematen duten gaiak: bizitza, zoriona… Eta azkenik, amodiozko kantu bat ere badago. Hitzak zeureak dira? Gehienak bai, baina beste batzuenak ere badaude: Luis Mari Lauzirika Txili-ren bi poema daude; Basarriren bertso batzuk, Gernikako bonbardaketaren inguruan, eta Ernest Arranbideren poemak. Itxaropena, hain zuzen, bere poema baten izenburua da. Baina, kantu gehienei ematen diedan kutsua edo aterabidea ere horixe da, itxaropenezkoa. Gero, Telesforo Monzonen hitzak ere sartu ditut, bere benetako ahotsean, kantu batekin uztartuta. Berak esaten zituenak gaurkotasunik galdu ez dutelako sartu nituen hor hitz horiek; eta gainera, errezitatzen indar handia zeukalako Monzonek. Kemen handikoa zen; grazia eta indarra zituen [...]
Bere azken diskoa zuzenean aurkeztuko du zapatuan, 19:00etan, Korrika Kulturalaren barruan.
ELKARRIZKETA
«Ahotsei eman diet protagonismo gehiago disko honetan»
«Musikatik ez, baina musikarekin» bizi da erabat joan den sei urtean Ondarroan bizi den Patxi Saiz Ezenarro (Getaria, Gipuzkoa, 1965). Kafe Antzokian bihar 19:00etan aurkeztuko du zuzenean bere hirugarren diskoa: Itxaropena. Korrika Kulturalaren eskutik dator kantaldia.
‘Itxaropena’ dakarzu. Has gaitezen izenetik bertatik. Baikor?
Diskoari kutsu hori eman diot orokorrean, nahiz eta kantu mota konprometitua izan gaiei dagokionez, eta problematika bat agertu…
Zelako gaiak landu dituzu?
Hiru sailetan bana daitezke. Bata, Euskal Herriko egoera politikoaren iragana eta oraina. Bestetik, barne hausnarketarako edo gogoetarako bidea ematen duten gaiak: bizitza, zoriona… Eta azkenik, amodiozko kantu bat ere badago.
Hitzak zeureak dira?
Gehienak bai, baina beste batzuenak ere badaude: Luis Mari Lauzirika Txili-ren bi poema daude; Basarriren bertso batzuk, Gernikako bonbardaketaren inguruan, eta Ernest Arranbideren poemak. Itxaropena, hain zuzen, bere poema baten izenburua da. Baina, kantu gehienei ematen diedan kutsua edo aterabidea ere horixe da, itxaropenezkoa. Gero, Telesforo Monzonen hitzak ere sartu ditut, bere benetako ahotsean, kantu batekin uztartuta. Berak esaten zituenak gaurkotasunik galdu ez dutelako sartu nituen hor hitz horiek; eta gainera, errezitatzen indar handia zeukalako Monzonek. Kemen handikoa zen; grazia eta indarra zituen gauzak esateko garaian.
Beraz, zure aurreko bi diskoetan legez, mezuak pisu handia du.
Beti bilatu dut mezuen pisua, bai nire hitzen bidez, bai beste batzuen poemen bidez.
Instrumentazioa ere hor dago, baina zure ahotsak eta gitarrak beste diskoetan baino presentzia handiagoa dute akaso?
Inoiz baino pisu handiagoa dute, bai. Aurreneko diskoan ere izan zuten, baina ahotsei eman diet protagonismo gehiago disko honetan; bi ahotsak erabili ditut asko. Ahotsa eta gitarra dira ardatz, eta gero kantuen kolorea aldatzeko, beste instrumentuak daude hor.
Zeintzuk izan dituzu alboan musikari moduan?
Kemen Lertxundi ondarrutarrak harmonika sartu dit kantu batean. Eta beste musikariak taldekideak dira, betidanik nirekin ibili direnak: Juan Luis Aranburu, teklatuan eta akordeoian, eta Xabier Azkarate perkusioan. Biolinarekin, zuzenekoetan, lehendik ere nirekin ibiltzen zen Amaia Aranaga arituko da. Diskorako, berriz, Amaia amatasun bajarekin zegoenez, Nerea Lasarte ondarrutarra egon da biolinak sartzen. Oboea eta baxua jotzen, zuzenean, Josu Salegi ari da.
Zer moduzko harrera izaten ari da diskoa?
Aurreko diskoarekin eduki nuena baino oihartzun gehiago edukitzen ari naiz; ez dakit momentua den edo zer… Prentsan ere kasu gehiago egin didate oraingoan. Argitaratzean ere udaberrian pentsatu nuen; izan ere, autoekoizpeneko lanentzako Durangoko Azokako garaia ez da ona, lan horiek itzalean geratzen baitira. Une egoki hori aukeratzeak uste dut bere fruituak eman dituela; prentsan gehixeago agertzeak harrera hobea ekarri dit.
Zuzeneko emanaldiekin zer moduz ari zara?
Aurreko diskoarekin ez nuen izan ezta aukera bat ere zuzenean emateko. Oraingoan, ari naiz behintzat; Antzuolan egin genuen emanaldi bat, orain Ondarroakoa dator, maiatzaren 7an Getarian beste bat; eta beste bi erdi hitzemanak ditugu. Ez gaude kexatzeko moduan.
Gitarra eta ahotsa. Esentziaren bila?
Sentsazioz, irudiz, informazioz, datuz, abiaduraz saturatuta gaude. Barne hausnarketarako egin ditudan kantuetan ere horretaz egin nahi izan dut gogoeta: gauzak ez ditugu diren bezala perzibitzen. Isiltasuna, pentsatzen jartzea, gauzak eta sentimenduak diren bezala ikusteko unea eman nahi dut. Kantaldiek ere horretarako aukera ematea nahiko nuke; bizitzan benetan balio duten gauzetaz burua finkatzeko.
Autoekoizpena egin duzu, eta gero eta musikari gehiagok ere hortik jotzen dute. Zer gertatzen da?
Besteen arrazoiak ez dakizkit, baina niri dagokidanez, esango nuke alde batetik, teknikoki lehen baino errazagoa dela autoekoizpenera jotzea; estudio txiki asko daude… Diskoetxeei begira, berriz, garai batean musika entzun nahi bazenuen, erosi egin behar zenuen derrigorrez. Gaur egun era askotara eskura daiteke musika, eta ikuskizun mailan ere, gaur egun oso anitza da aukera: etxean bertan, zuzenean, zinean… Azkenean sentsazioz gainezka gaude; jendea neurri baten aspertuta ere badago hainbeste gauza irensten. Horrek guztiak gutxiago saltzea ekarri du, orokorrean, diskoetxeentzat. Baina, Euskal Herrira etorrita, eta nire kasura zehazki, nik hasieratik daukat diskoetxeekin argitaratu ezina. Ni ez nau krisiak harrapatu autoekoizpenetik tira egin behar izateko. Lehen uste nuen zorte kontua zela, edo ez neukala nahikoa aurpegirik…, baina orain garbiago mintzatzen naiz: nire kasuan uste dut motibazio politiko-ideologikoak ere egon direla tarteko, diskoetxeen ezetzean.
Gai konprometituak direlako?
Garai batean modan egon ziren horrelako gai konprometituen gaineko abestiak, eta orduan ederki aprobetxatu ziren hemengo diskoetxeak. Baina, gaur egun ez da hori gertatzen. Eta, ez hori bakarrik, gauza berriekin ere ez dute arriskatu nahi gaur egun; errazera joaten dira: bildumak egin, musika patxangeroa atera –eta musika horren kontra ez dut ezer–, baina berriek ere aukera beharko lukete eduki.
Zein leku dauka musika sortzeak zure eguneroko bizitzan?
Ni ez naiz honetatik bizi, baina musikarekin bizi naiz; musika eta ni bat gara.
Klikatu hemen Patxi Saizen bideo bat ikusteko.