Julio Otazua txapeldun
Senior trofeo mailan, Munitibarkoak, Ioritz Odiaga aulestiarra izan du lagun podioan Urriola auzoan jokatu den mendiko motorren lehiaketan.
Lea Ibarreko Enduro zaleak poz handia izan dute asteburuan. Izan be, Munitibarko Julio Otazua eta Ioritz Odiaga aulestiarrak podiora igo dira senior trofeo mailan. Lehen eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren.
Mendiko motorren pilotuen lehia Aulestiko Urriola auzoan jokatu zen, eta Gernika Off Road taldeak antolatutako zuen. Pilotuek bi proba mota egin behar zituzten: erlojuaren kontrakoa eta rallya. Bi probak amaitzeko, Otazuak 22.36,32 behar izan zuen; Odiagak, ostera, 25.09,76.
Domekan egindako euriak, aldaketak egitera behartu zituen antolatzaileak. «Kronorako ibilbidean aldats gogor bat kendu behar izan genuen. Pilotuak bertan blokeatzeko arriskua zegoen eta erlojuaren kontrakoan, horrelakorik ezin da onartu». Halan eta be, pilotu guztiak bat etorri ziren lehiaketaren zati hau «oso gogorra» izan zela esatean.
Rallyagaz pilotuak gustura gelditu ziren. «Denek esan digute mendiko ibilbidea asko gustatu zaiela». Probaren zati honetan ere zati batzuk kendu egin zituzten. «Zailtasun handiagoko mailentzako, senior trofeoa kasu, jarritako zatiren bat kendu egin genuen. Izan be, zailtasun maila gehiegi igotzen zuen behengainaren egoerak».
Busturialdeko ordezkari bat ere izan zen proban. Hain zuzen be, senior kanpeonato mailan, Ereñoko Txomin Arana. Honek 17.28,22 denbora behar izan zuen. Maila horretan, Borja Nieto izan zen txapelduna, 16.13,39gaz.