Hasi dira euskalakariak korrika. Hasi du ibilbidea euskararen aldeko martxa erraldoiak. Trebiñutik (Araba) atera dira, 17:30ean. Ordu erdi lehenago hasiera ekitaldia egin da: hantxe zegoen Edurne Brouard 17. Korrikaren arduraduna. Hantxe zeuden
17. Korrikan furgonetan joango diren eskualdeko
Korrika laguntzaileak, txapeldunak.
Gaur, 09:30ean, Lekeitioko Arropaingo aparkalekuan zeuden bilduta. Zazpi ziren. Bost lekeitiarrak: Andoni Seijo, Zigor Txopitea, Iñaki Gezuraga Karpanta, Arantza Retolaza eta Irati Seijo. Bat gizaburutarra: Oibar Egia, eta azkana hernaniarra: Beñat Iñigo. Taldea osatzeko bi baino ez ziren falta: Patxi Otxoa etxebarritarra eta Laida Etxemendi baxenafarra.
«Nahikoa lasai», datozen egunetan egingo duten lanaren inguruan egon ziren berbetan. Batzuek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte nondik norakoak. Andoni Seijo, Iñaki Gezuraga eta Zigor Txopiteak sei-zazpi daroez. Oibar Egia bigarrengoz doa, eta gainerakoak estreinako, eta «gogotsu».
Lekukoa ziurtatzen
Eurek osatuko dute furgonetan doazenen lehenengo taldea. Bigarren talde bat be egongo da lan bera egiten. Ez zaie beharrik faltako: talde bakoitzak bataz besteko hamalau orduko txandak egingo ditu, egunero. Egitekoak asko dira. Ilusioa handiagoa.
Furgonetan doazenen zeregin nagusia lekukoa ez dela galtzen ziurtatzea izango da, «inoiz bat edo bat galdu izan da eta». Gero, ordutegia zaindu behar izango dute, herri bakoitzera orduan ailegatzeko. Aparteago joanda, jendetza dagoen lekuan lekukoaren atzean mantendu beharko dute jendea, gutxi dagoenetan aringa-aringan egin. Musika ipini, uraren hornikuntza ziurtatu, argazkiak atara… Gustura egingo dute, esperientzia horretan parte hartzea zirraragarria da eurentzat, «oparia».
Estreinako, gainera, telebista kamerak eroango dituzte ondoan, eta furgoneta GPS bitartez jarraitu ahalko da web orrian: www.korrika.org.
Euskalakariak bidean dira. 17. Korrika Donostian amaituko da hilaren 17an. Aurretik berton egongo da. Han eta hemen, kilometroek emozioa dakarte.