Vista Alegreko egitasmoaren alegazioak 18ra arte egin daitezke
Momentura arte alegazio bakarra jaso dute udaletxean; ezker abertzaleak gaur aurkeztuko ditu bereak
Vista Alegreko proiektuak polemika handia sortu du herrian. Proiektua jendaurrean dago hilaren 18ra arte, eta egun hori izango da alegazioak aurkeztu ahal izateko azken eguna.
Udal teknikarien arabera, momentura arte, herritarrek egindako alegazio bakarra jaso dute. Ezker abertzaleko kideak, eruen aldetik, proiektuaren azterketa egin dute eta alegazioen lanketan dabiltza. Haiek adierazitakoaren arabera, gaur aurkeztuko dute, alegazio guztiak jasotzen dituen txostena. Ezker abertzalearen arabera, «zentzubako» egitasmoa da Vista Alegrekoa eta hauteskunde bezperetan «ezkutuan eta presaka» eroan du aurrera udal gestorak. Egitasmoaren beharrezkotasuna hasieratik jarri dute zalantzan, eta haren atzean interes ekonomiko hutsa dagoela salatu dute behin eta berriz.
Aparkalekua eta etxebizitzak
Vista Alegre ingururako proposatzen den egitasmoak, 150 ibilgailurentzako aparkalekua egitea jasotzen du. Horregaz batera, 28 etxebizitza egiteko aukera emoteko lurraren izendapena aldatu nahi dute. Gainera, inguru guzti hori errepideekin lotzeko bideak egingo lirateke eta azkenik, parke bat ere egingo lukete.
Guzti hori egin ahal izateko, herriko arau subsidiarioetan aldaketa puntuala egin behar izan du udal gestorak. Arau subsidiarioen aldaketa, Itxaso-Aldegi Sustapenak S.L. enpresaren iniziatibaz egin dela jasotzen du egitasmoaren txostenak.
Ezker abertzaleak gogor kritikatu du jokabide hori. Haiek porposatzen dutena zera da: hamaika urtez ukitu barik egon diren arauak bere osotasunean berrikustea, herri ikuspegi orokor bategaz lantzeko.
Txostenean, Karraspio gaineko zelaietan egingo diren 150 aparkalekuak beharrezkotzat jotzen ditu gestorak. Aparkalekuentzat, 2.657, 48 metro karratu gorde dituzte.
BI-3438 eta BI-4449 errepideak lotzeko, ostera, 1770, 13 metro karratu erabiliko dituzte. Lotura bi zatitan egitea planteatzen da, eta bi zatien artean biribilgune bat eraikiko dute. Horretaz gain, aitatutako etxebizitza kopurua eraiki ahal izateko, lurzoruaren dentsitatea aldatu dute. Etxebizitzak eraikitzea sustapen enpresaren esku geldituko da.
Azkenik, inguruan, «herritarren erabilerarako» 8.569,60 metro karratu dituen parkea jasotzen du egitasmoak. Txostenaren arabera, bertoko espezieak espezie exotikoagoekin konbinatuko dituzte parke horretan. «Duela gutxira arte gustu handiagaz zaindutako parkea izan da, oreka handiko diseinu bati erantzuten ziona. Parke hori berreskuratzea da egitasmo honen helburua», dio txostenak.
Txosten bi udaletxean
Vista Alegreko proiektua zehaztasunez ezagutu nahi dutenek udaletxera jo beharko dute.
Bi txosten dauden herritarren eskura; alde batetik, proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen txostena. Zati denak banaka zehazten dira bertan, eta haiek egiteko justifikazioa ere jasotzen du. Beste alde batetik, ingurumenaren gainean egitasmoak izango duen eraginaren ebaluzioa aurkituko dute herritarrek.