Berriatua Bizi aurkeztu dute
Herritarrez osatutako kandidatura independetearen buru, orain arteko alkate Imanol Mugartegi da
Berriatua Bizi. Horuxe da aurtengo udal hauteskundetara begira berriatuar talde batek aurkeztu duen kandidatura independentearen izena.
Orain arteko Herri Kandidatura bertan behera geratzera zegoela ikusita eta alderdi politikoek zerrendak osatzeko zituzten zailtasunen jakitun, berriatuar talde batek «zezenari adarretatik kolpe egitea» erabaki zuten. «Udaleko beharrak herriaren etorkizunean daukan garrantziaz jabetuta eta udalean zein kalean Berritxuren alde lan egiteko borondateagaz aurkezten dugu gure kandidatura. Herritarrekin osatutako kandidatura», azaldu dute.
Programa prestatzeko denborarik izan ez duten arren, beharrerako ezarri nahi duten metodoa azaldu nahi izan diote herritarrei. «Egoerak eroan gaitu aurkeztera. Horregatik gabiltza denbora justuagaz, baina guztion artean joango gara herriaren beharrak identifikatzen eta haien alde behar egiten». Gainera, kandidatura osatzen dutenen artean, udalean esperientzia duten herritarrak daude. Zerrendaburua, esaterako, azken lau urtetako alkatea da, Imanol Mugartegi.
Kandidatura berriak udal taldea osatzen dutenez gain, haren inguruan beharra egingo duen herritar tadea osatzea proposatzen du. «Berritxun asko dago egiteko; ea denon artean batzuk egitea lortzen dugun», esan zuten. «Gure herriak gu guztion laguntza behar du. Ez izan beldur zuengana heltzen ez garenean gure atea joteko, ezta zuengana hurbiltzean atea zabaltzeko ere».
Batzen dituena
– Pluraltasuna. Herriko denek parte har dezakete.
– Elkarlana. Baklitzak ahal duen neurrian, etorkizun oparoaren bila aritzeko prestutasuna.
– Akordioa. Ikuspuntu ezberdinak bateratzeko ahalegina.
– Informazioa. Egin nahi denaren edota egiten denaren berri herriari emotea.
Zerrendako kideak
1. Imanol Mugartegi.
2. Saioa Lopez.
3. Lander Eizagirre.
4. Eneko Ansotegi.
5. Aitor Basterretxea.
6. Imanol Aldazabal.
7. Itziar Aramaio.
8. Iñigo Gogenola.
9. Asier Aranzeta.