Aitzol Aramaio zinema zuzendaria (Ondarroa, 40 urte) ustekabean hilda aurkitu zuten atzo goizean
bere etxean, Ondarroan. Heriotza zerk eragin zion aztertzen ari dira medikuak. Azkeneko urteetan Legorretan bizi zen bikotekidearekin eta hiru urteko alabarekin. Orain opor egun batzuk pasatzera joana zen Ondarroara.
Hainbat lan egindakoa da Aramaio:
Terminal film laburra (2002) edota
Txokolate apur bat filma (2008; Unai Elorriagaren SPrako Tranbia eleberrian oinarritutakoa; filma jatorriz gaztelaniaz da, baina estreinaldian euskarara bikoiztutako bertsioa eman zuten). Horretaz gain, hainbat
bideoklip grabatu zituen Kepa Junkera, Berri Txarrak, PLT edo Mikel Urdangarinekin.
Gorpua Lea-Artibaiko beilatokian egon da gaur eta ondoren erraustu egin dute.
Zapatuan Ondarroako Jai-Brian tabernan omenaldia egingo diote Aramaiori, 17:00etan.
Kolpe latza izan da herrian, eta adin eta izaera oso desberdineko ondarrutarrek betirako gordeko dute gogoan Aramaioren
izaera, batik bat alaitasunak eta pentsakera positiboak markatua.