Aterpetxearen bueltan, egun guztiko jaia
Herriko zein herritik pasatutako lagunak batzea lortu nahi dute Ubillakoek euren bigarren urteurrenean
Zapatuan, Ubillakoek bigarren urteurrena ospatzeko egun osoko jaialdia antolatu dute. Ez da aterpetxearen bigarren urteurrena. Gaur egun aterpetxea daramatenak haren kargu egin zirenetik bi urte pasa direla ospatu nahi dute.
Ospakizunaren atzean asmo garbia: herrikoak zein herritik pasa diren lagunak batzea. «Ubilla herriak eskaintzen duen beste zerbitzu bat da, baina aterpetxea daramagunok, Alex eta ni, animatuak gara oso. Lagun artean ondo pasatzeko eta, bide batez, herria ezagutzera emoteko baliatuko dugu festa», azaldu du aterpetxeko bazkide Ziortza Gorritxuk. «Herriari bizia emoteko baliagarria da aterpetxea. Bertaratzen direnei egoteko leku atsegina eskaintzen die eta jaialdiak ere gauza bera egingo du. Guztia aterpetxearen bueltan izango da. Horrela, leku atseginari, giro atsegina gehituko diogu».
Aurrez aterpetxean egon den jendeak jakinarazi die Aulestin izango direla zapatuan; besteak beste, Bilbotik, Bartzelonatik eta Galiziatik datorren jendearen barri jaso dute Ubillakoek. «Aterpetxeak lagun asko egiteko aukera emon digu. Jendea gustura egoten da. Hori da behintzat transmititzen digutena, eta errepikatu ere egiten dute».
Aterpetxeak 32 laguntzatko lolekua dauka. «Urteurrenean, jaialdian parte hartuko duen jendeagaz beteta egongo da aterpetxea. Baina lasai ibili ahal izateko akanpada leku bat prestatu dugu. Lotarako doako lekua izango dute nahi duten guztiek». Jaialdia aterpetxea daramaten filosofia beragaz prestatu dutela ziurtatu du Gorritxuk. «Jendea zaintzea gustuko dugu; gustura egon direla esanez joatea. Aterpetxean bezalaxe hartuko ditugu bertoko zein kanpoko zapatuan: janaria , musika, lo egiteko lekua… eta giro ezinhobea izango da. Jendea etortzera animatu nahiko nuke. Denak daude gonbidatuta».